130918 nubarrones EHUIkasturte berria laino ilunen artean hasi da UPV/EHUn, finantziazio murrizketek sortutakoa alegia. Errektoreak irekiera ekitaldian esan du egoera larrian gaudela, mugan, eta unibertsitateak behar duen finantziazio duina eskatzen du. Baina aldi berean, unibertsitate publikoa diru iturri pribatuaren bidez finantzatzeko eztabaida irekitzen du. Jaurlaritzak murrizketak egin izana onartzen du baina ez du hartzen inongo konpromiso publikorik egoera emendatzeko. Unibertsitate plan berria adostasunaren bidetik egingo duela baino ez du agintzen.

Bitartean UPV/EHU-ren aurrekontua 2007ko mailara jaitsi da. Horren ondorioz unibertsitateko sail, ikastetxe eta liburutegiaren aurrekontua %44an murriztu da. Horrela ezinezkoa da eman beharreko zerbitzu publikoa normaltasunez eta orain arte lortutako kalitate mailan ematea, bai irakaskuntza bai ikerketa mailan. Egia da egoera larria da, hondamendira goaz murrizketak jarraitzen badute. Eta denok dakigu nortzuk diren kaltetuen egoera larrietan: langileak. Baina ez dago unibertsitaterik langilerik gabe.

Eusko Jaurlaritzak milioika euro xahutu dira- eta horrela jarraitzen dugu- beharrezkoak ez ziren edo bideragarriak ez ziren azpiegituretan, eta ez dago 40 milioi gure herriko unibertsitate publikoak egungo maila mantentzeko gutxienez? Kalitatezko unibertsitate publikoa behar bezala diruz hornitzea herria eraikitzea da zalantzarik gabe, egun gure botere politikoek lehentasunezko jotzen diren beste hainbat ekimen asko baino gehiago.

Unibertsitate publiko batek ezin du eraiki bere bideragarritasuna iturri pribatuetan. Autonomia osoz aritzeko beharrezkoak dituen baliabide nahikoak eta egonkorrak behar ditu. Finantziazio pribatuaren inguruko eztabaida eta bertan parte hartzeko bideak irekitzea botere publikoek unibertsitate publikoari eman beharreko finantziazio nahikoa konpondu gabe dagoenean tranpa arriskutsua egitea da.

Mezuak ez du izan behar “unibertsitateak emariak behar ditu finantziazio publikoa nahikoa ez delako” titular batek zioen bezala. Behar dugun mezua da botere publikoek unibertsitate autonomia bere osotasunean bermatzeko beharrezkoa den finantziazio nahikoa eta egonkorra bermatu behar dutela. Hori da ezinbesteko oinarria UPV/EHU nahi duguna izateko: euskal herriaren, bere biztanleen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoa, bere langileak zaintzen dituena, bikaintasuna bilatzen duena alor guztietan, bai irakaskuntzan, bai ikerketan bai bere eginbehar etiko-sozialean ere, gizarte osoarekin, ez enpresekin soilik, konprometituta.

Datorren urtea ez da izango xamurra

UPV/EHUko langileok ere sufritu dugu krisiaren aitzakian hartutako neurri bidegabeak.Eta gura gain dago aurten sail, ikastetxe eta liburutegiaren aurrekontu murrizketak sortzen dituzten arazoei aurre egin beharra zerbitzu publikoa ematen jarraitzeko.

Baina arazoa ez da bakarrik soldata jaitsierak eta lan kargaren igoera. Edozein aurrekontu murrizketa berrik nabarmen okertuko ditu irakaskuntzan eta ikerkuntzan aritzeko baldintzak eta lanpostu ugari kolokan jarriko ditu, bereziki gure unibertsitatean egoera prekarioenean daudenena. Ez dugu onartuko muga hori gainditzea.

STEE-EILAS-ek ez du jokatzen alarma giroak sortzera. Ezta isilik gelditzera arazoak bere gordintasunean aipatu gabe. Espero dezagun Eusko Jaurlaritza egoeraren larriaz jabetzea eta aldatzea bere aurrekontu politika. Baina prest egon behar dugu egoerarik okerrena gauzatuko balitz. Hala gertatzen bada UPV/EHUko bake soziala bukatuko da. Unibertsitate publikoaren defentsa egiteak arduraz jokatzea eskatzen du. Baina botere publikoek murrizketa bide hau zuzentzen ez badute UPV/EHUko langileok mobilizazioa eta borroka kaleetatik campusetara eraman beharko dugu gure eskubideen, gure lanpostu eta soldaten defentsan.