STEE-EILAS sindikatuak bere elkartasuna adierazi nahi die eskola publikoetan garraioko eta jolastokietako begiraleei lan-hitzarmen duinaren alde egiten duten borrokagatik. Ikastetxeetako beste langileek gertutik ezagutzen ditugu sare publikoan (garraioan barne) gauzatzen ari diren murrizketak, horregatik elkartasuna adierazi nahi diegu langile horiei, eta familiei egoera uler dezaten eta langileen alde jo dezaten eskatu, greba hauek ezinbestean eragozpenak sortzen dizkietela jakinda ere.

Gure ustez, hezkuntza-zerbitzu publikoen kalitatea ezin dute langileen lan-baldintzek ordaindu, are gutxiago kasu honetan, non lan baldintzak prekarioak diren oso, administrazioak pribatizatutako zerbitzu batean.

Ildo honetan, STEE-EILASek ez du ulertzen ez eta konpartitzen ere Eusko Jaurlaritzak gatazka honetan hartu duen jarrera. Beste aldera begira dago eta bere eremukoak diren ardurei uko eginez, ihes egiten saiatu da, berriro ere.

Guretzat gatazka honetan Jaurlaritzak badu zer esan eta zer egin, berak bermatu behar dituelako zerbitzu publikoak azpikontratatzen baditu ere. Gainera, Gobernuak berak finkatzen dizkie zerbitzua kudeatzen duten enpresei bai finantziazio maila bai baldintza-agiria; azken honetan, irizpide laboralak ere agertu beharko lirateke.

2014ko urtarrilaren 14an