Iritzi artikulua STEE-EILAS

Euskarazko irakaskuntza lau haizetara

Iragan asteburuan, Euskararen Legearen ustezko aldaketaren testuinguruan, zenbait
hedabidek argitaratu dute NIEren adierazpena, non eskatzen baitzen aitor dakiela ikastolei
euskararen alde azken hamarkadetan eginiko lana. STEE-EILASek zain eta muin eta jendaurrean
egiten du aitormen hori; are gehiago, nabarmentzen du ikastolarik gabe, beren muga guztiekin, ez litzatekeela euskararik izanen Nafarroako irakaskuntzan. “Eremu ez-euskalduneko” ikastolen
inguruan, baldintza latzetan, antolatu diren familiak ere bereziki merezi dute delako aitormena.
Haiei eskerrak errotu da euskarazko murgiltze eredua zenbait lekutan. Aipatu ikastolek izan dute, halaber, D ereduko ikasle, familia eta irakasleen babesa eta laguntza, hauek parte hartu baitute, gogotsu parte hartu ere, “eremu ez-euskaldunean” antolatu diren Nafarroa Oinezeko
ospakizunetan. Baina ezin ditugu ahantzi haurrak sare publikoan eskolatu dituzten familiak,
beraien herrietan D eredua izatea galarazten zien muga aizunaz haraindi. Garesti ordaindu dute
hautua.
Orain etorriko bide den aldaketak eragina izan du, orobat, jendartearen sektore ugaritan.
Barcina ohartarazi du “estatu-auzia dela” euskarari buruzkoa; Iribasek , berriz, guztiz larriturik, dio “eremu ez-euskalduneko” ikastolek arazo gehiago izan ditzaketela. Eta ulergarria da ikastolek ezbaiak izatea lurralde berri honen aurrean. Batetik, ontzat ematen dute euskarari buruzko legearen aldaketa; bestetik, eskaintza ikastetxe publiko guztietara zabalduz gero, kezkatsu daude ikastolek izan dezaketen etorkizunaren gainean. Zalantza bera agertu zen garai batean “eremu mistoko” herri batzuetan. Baina, horra garbi dagoena: familia askoren borrokaren fruitu izan zen
Iruñeko Udal Ikastola ireki zenetik (1977an), euskarazko sare publikoa hazi eta hazi egin da
Nafarroan, euskarazko irakaskuntzaren buru izateraino. Garai batean, erruz eztabaidatu zen
euskarazko lerroak zabaltzea gaztelaniazkoen ondoan ikastetxe publikoetan. Ordea, irakasleen
jardun bikainak eta familien ahaleginak ezin ukatuzko arrakasta bihurtu dute Nafarroako ikastetxe
publikoen D eredua.
Une honetan, egoki jokatzen asmatu behar dugu lege-aldaketak eskaintzen digun aukerari
begira, baliatu beharra baitago euskara Nafarroako txoko guztietaraino irits dadin lortzeko. Gaur
egun, eremu ez-euskaldunean, ikastolak 6 herritan besterik ez daude, eta haien eskaintzak
derrigorrezko hezkuntza hartzen du bakarrik. Lerro berriak ireki behar dira ikastetxe publikoetan,
ikasle kopuru txikiarekin bada ere, ahalik eta herri gehienetan, jendeak errepidean harat-honat
ibili beharrik izan ez dezan, eta eskaintza zabaldu derrigorrezko hezkuntzatik goragoko mailetara;
familiak animatu behar dira, haien zalantzak uxatu, babes-sareak sortu, eskolaz kanpoko
ekitaldiak antolatzen lagundu… Zorrotz begiratuko dugu, ahal dugun neurrian, D ereduko
eskaintza publikoa garbia izan dadin eta familiek hautatu ahal izan dezaten inolako eragozpenik
izan gabe.
Parlamentuko taldeek garbi agertu beharko diote nafar jendarteari hezkuntza
publikoarekiko konpromisoa, eta erabaki beharko dute nola eta zer helbururekin txertatzen
dituzten Ikastolen Federazioak helarazi dizkien eskaerak (guztiak edo haietakoren bat), eskaera
horiekin ados baldin badaude. STEE-EILAS aurka agertuko da baldin eta kooperatiba
horien interesak lehenesten badira familiek beren herrian D eredua izateko daukaten eskubide
legitimoaren gainetik.
STEE-EILASek bere jarrera zalantza izpirik gabe sistema publikoaren alde agertzen du, hezkuntza
sistema ardaztu behar duen eskola publikoaren alde eta euskararen arloan sareen dikotomia
gainditzearen alde. Euskarari merezi duen duintasuna eman behar diogu denon artean, inork ez
dezan baliatu gizartea zatitzeko tresna gisara D ereduko irakasleen lana edo haien klaseetan
erabiltzen diren materialak susmopean jarriz. Mezu positiboa zabaldu behar dugu, Nafarroako bi
hizkuntza ofizialak jakitearen garrantzia azpimarratuz gizartea kohesionatzen laguntzeko
xedearekin. Testuinguru honetan, hau une egokia izan liteke ikastolei sare publikoan txertatzeko
aukera emateko, EAEn 80ko hamarkadan egin zen bezalaxe, ikastetxe horietan lanean aritu diren
irakasleei beren lanpostuetan egonkortasuna eskainiz.
Euskararen legean sartuko diren aldaketak garrantzitsuak dira, baina ez dira inondik inora
aski. Bada garaia behin betiko alde batera uzteko eremukako lurralde-banaketa, bada garaia
hizkuntza politiko integral bat izateko, bada garaia Nafarroako Gobernuak ikasle guztiei
bermatzeko bertako bi hizkuntzen ezagupena.