Ez da gure asmoa ikasleen gaitasun-mailari buruzko kanpo-ebaluazioak egokiak izan daitezkeela edo horien emaitzak (beti ere oso maila erlatiboan) garrantzitsuak izan daitezkeela
ukatzea, hala ere, ezin da bazter utzi, batetik, PISA programa OCDEren (Ekonomia Lankidetza
eta Garapenerako Erakundea) lerro estrategiko bat dela, alegia, funtsean izaera ekonomikoa,
politikoa eta geo-estrategikoa daukan erakunde batena, eta, bestetik, PISAk eredu
sozioekonomiko zehatz bat bultzatzen duela globalki. Hortaz, arrazoizko zalantza bat pizten da,
ea benetan zer interesen aldekoa den PISA, nazioarteko proba egiteak eta kudeatzeak OCDEri
dakarkion negozio-esparrutik harago.

Gaitasun batzuk bakarrik neurtzen dira, eta horrek erakusten du hasieratik bertatik jarrera argi
bat dagoela; izan ere, garrantzia handiagoa ematen zaie neurtutako gaitasunei bazter
utzitakoei baino.

Gainera, emaitzak ranking bidez aurkezten dira eta sistemen arteko lehiakortasuna sustatzen
da, emaitza absolutu hobeak lortzen dituzten ereduak jotzen baitira ontzat, eta, ondorioz,
denek jarraitu beharreko eredugarritzat, eta kasu gehienetan ez zaie nahikoa erreparatzen
ereduen beren errealitate anitzei, abiapuntuei, tradizio historikoei, edo erabakigarriak gerta
litezkeen beste ezaugarri askori (jendartearen garapen-maila, eskolatze unibertsalaren tasak,
testuinguru elebakarrak, elebidunak edo eleanitzak, teknologia-maila, errenta eta BPG…).

Zentzu horretan, azpimarragarria da hurrengo ebaluazio-probetan finantza-gaitasuna
txertatuko dela, eta, era berean, ingelesari ematen zaion esangura (gehiegizkoa agian?). Bi
lehentasun horiek, itxura batean, jendarte-eredu bakar eta oso zehatz baterantz bideratuta
daude, hain justu ere, OCDEk globalki sustatzen duen eredu sozioekonomiko
hegemonikoarekin guztiz bat datorren eredu baterantz.

Beraz, nahiz eta kopuruei buruzko datuak neutral gisa aurkez daitezkeen (eta soilik baldin eta
kontuan hartzen badira emaitzetan eragiten duten askotariko aldagai sozioekonomiko eta
kulturalak), datuen interpretazioa eta horietatik ateratako ondorioak ia inoiz ez dira neutralak,
baina gero eta eragin handiago dute estatuetako hezkuntza-politiketan.

Adibidez, zergatik ez dira sekula ebaluazioaren muinean ipintzen arteak, historia, filosofia edo
kultura-ondarea? Edo, bestela, norberaren izaera kritikoa, sormena, iraupen jasangarria edo
elkartasuna?

Nazioartean neurtzen diren gaitasunak zergatik daude beti lotuta hezkuntzaren ideia
utilitarista batekin? Zergatik neurtzen dute beti zein egokitzen den hobeto lan-merkatuaren
eta enplegatua izateko ustezko gaitasunaren eskakizunetara, horiek balizkoak eta aldakorrak
izaki?

Zergatik jotzen da abiapuntu gisa eta ondorioztatzen da hezkuntza-sistema guztiek helburu
berberak izan behar dituztela, kontuan hartu gabe zein den sistema bakoitzaren errealitatea,
edo tokiko biztanleen balizko beharrizan eta asmo ezberdinak?

Egiatan, ez ote da homogeneizatze unibertsal bat sustatzen ari, hezkuntza-eredu bakar baten
inguruan, kontuan izan gabe hezkuntza hori ematen den nazio eta herrietako errealitate
kulturalak eta sozialak ezberdinak direla? Ez ote da frankizia estandarizatu bat sustatzen ari,
funtsean, bere testuinguru soziokultural zehatzetik erabat deslokalizatua? Zenbateraino egiten
dio hezkuntza-globalizazioak kalte aniztasunak berak dakarren aberastasunari? Zer neurritan
ez ote da hezkuntza eredu hori tresna, neoliberalismoa mundu osora hedatzeko, eredu
sozioekonomiko bakarra bailitzan?

Ekoizpen-, enpresa- eta ekonomia-eskakizunen zerbitzura ipintzen ari al da hezkuntza, soilsoilik,
pertsonen benetako garapen osoaren kaltetan, herrien kultura-aniztasuna gordetzearen
kaltetan, eta bestelako eredu sozial, ekoizpenezko, ekonomiko eta kulturalak desio izateko
aukeraren kaltetan?

Laburbilduz, hezkuntza-sistemaren diseinu bakar eta unibertsal bat sustatzen ari ote da,
hizkuntza propioaren, historiaren eta kulturaren sustraietatik deserrotua, ezaugarri
bereizgarrien testuingurutik kanpo, eta ekonomia-sistema bakar, lehiakor eta globalizatu baten
mesedetan?

Begien bistakoa da jendarte bakoitzak bere hezkuntza-eredua zehaztu beharko lukeela,
dagokion jendarte-motaren arabera eta, are gehiago, lortu nahi duen jendarte-motaren
arabera, eta hezkuntza horrek ez du zertan bakarra, unibertsala edo besteen berbera izan
behar. Bereziki garrantzitsua da hori Euskal Herria bezalako herri txiki eta ez-hegemonikoetan:
nola gorde norbere kultura-ondarea globalizazio-tsunamiaren aurrean? Nola egin aurre
etorkizuneko erronkei norbere identitateari eta independentziari uko egin gabe? Zergatik
lehenetsi behar da ingelesa euskararen aurretik, azken hori oraindik normalizatu gabe badago
eta diglosia-egoera nabarmena bizi badu?

Galdera horiei eta beste zenbaiti heldu beharko litzaieke, nahitaez, geure errealitatea, geure
eredua, eta, batez ere, geure ezaugarriak eta helburuak kontuan hartzen ez dituen irizpideen
arabera diseinatutako nazioarteko ebaluazioaren olatua hartu aurretik. Sekula ez dago sobera
alor batzuetako emaitzak beste sistema batzuetako emaitzekin alderatzea, ezta ere, beste
sistemak baliatzea informazio-iturri eta etengabeko hobetze-tresna gisa. Hala ere, argi eduki
behar dugu, beti, hori erreferentzia bat baino ez dela izango, hainbat erreferentzia posibleren
artean, eta horrek ezin duela inola ere ekarri hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko eskubide
alienaezinari uko egitea.

Pedro J. Macho Aguillo
Hezkuntza ikuskaria
steilaseko Hezkuntza Batzordeko kidea