Ikusezintasunak ere erasotzen gaitu

Emakumeak lan-sektore guztietara sartu direla agerikoa den arren, zuzendaritza edota ardurako lanpostuetara sartzen direnak gutxi dira. Estatistikek baieztatzen dute emakumezkoek gizonezkoek baino proportzio handiagoan aukeratzen dutela sektore publikoan lan egitea. Alde batetik, administrazioan lan egiteko objektiboak diren parametroetan oinarritzen dira; oposizioak edota meritu parametroak, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermaturik.
Bestalde, lana eta familia bateratzeko erraztasun handiagoa dago, kontziliazio gehienetan emakumea arduratzen delarik. Aldiz, ezaguna den moduan, enpresa pribatuko lanpostuetan berdintasunean sartzea zailagoa da, are gehiago sektore zehatz batzuetan zeinetan emakumezkoak gutxiengoa direnan. Hezkuntza izan ohi da, eta gaur egun ere hala da, emakumezkoek lan egiteko babes-sektorea. Nafarroako irakasleen artean, %70 baino gehiago emakumeak dira (azkeneko Eskola Kontseiluko datuen arabera), baina ikastetxeetako zuzendaritzan dauden emakumeen portzentaia izugarri txikiagotzen da. Hezkuntza Departamentuko erantzunkizun gehien duten lanpostuak aztertzen baditugu, ikusi dezakegu emakume bat bera ere ez dagoela. Kontseilari bat dugu, bi zuzendari nagusi, idazkari tekniko bat eta Nafarroako Eskola kontseiluko mahaiburua, denak gizonezkoak.

Hau guztia ez da berria; aurreko legealdietan panorama berdintsua izan da, salbuespen zehatz batekin, 2007-2011ko legealdian zuzendari nagusia eta Eskola kontseiluko mahaiburua emakumeak baitziren. Harrigarriena da, emakumeak ikusezinak izaten jarraitzen dute “aldaketako gobernu” honetan.

Nafarroako Gobernu berriaren aurkezpenean, azpimarratu egin zen osaketa paritarioa egingo zela, baina antza denez, ildo hau ez da kontuan hartu departamentu desberdinak osatzeko unean. Honek gaurko estereotipoak zein sakonak diren eta zein zaila den pentsaera eta boterearen erlazioak aldatzea agerian uzten du.

Zuzendaritza postuetan dagoen emakume gabezia azaltzeko, azken urteetan “kristalezko sabaia” kontzeptuaz hitz egiten da (arrazoi desberdinengatik emakumeek ardura handiko lanpostuetarako sarrera eragotzita izatea), baina, arrazoia hau da? Edota behintzat, hau da arrazoi bakarra? Egoera anormal/ezhoiko hau iraunarazteko aitzaki moduan erabili daiteke?

Zentzuzkoa iruditzen zaigu gobernuko kideek beren hurbileko lankide eta beraien konfiantzazko pertsonak izendatzea partekatzeko aurrera eraman nahi duten proiektuaren erantzunkizuna. Baina, zilegia da pertsona hauek hurrengo mailan egongo direnei izendatzea eta azken hauek ondoko mailetan berdin egitea?

Gure sindikatuak Gobernua sustatzen duten alderdi politikoei lehentasunezko dekaloagoa bidali zien, hauek programa egiterakoan kontuan izateko. Horietako asko programan jaso dira baina, tamalez, ez da kontutan hartu gure gomendioa postuak izendatzean, objektiboak eta gardenak izateko. Lanpostu hauek irizpide tekniko eta objektiboen arabera eisleituko balira (merituak, proiektuak…) litekeena da emakumezko gehiago egotea. “Sistemaren inertziarekin” jarraituz gero, gehien bat gizonezkoak topatuko ditugu; gizonezkoek gizonezkoak hautatzen baitituzte.

Tamalez, uda honetan, behin eta berriro hilketa eta eraso sexisten berri izan dugu. Instituzioen inplikazioa beharrezkoa da konponbidea lortu ahal izateko. Denak bat gatoz Hezkuntza funtsezkoa dela esaten denean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu ahal izateko. Hori horrela izan dadin eta ez soilik adierazpen “politikoki zuzena” baliabideak eta irakasleen formakuntza handia behar da. Hala ere, zaila izango da helburu hau lortzea, bereziki organigraman sartzea ahazten bazaie.

Gainera, neskak diren ikasleak, ereduak, erreferenteak, behar dituzte eguneroko alor guztietan, kiroletan, politikan… eta hezkuntzan, jakina. Horrelako egoera piramidala onartzea ukatu egiten dugu, non emakumeak erantzunkizuneko lanpostuetan baztertuak gauden, ikusezinak izanez, langile moduan eta batzuetan baita ere, pertsona moduan.