IRITZI ARTIKULUA: Azaroak 28. Bete ditzagun kaleak.Hezkuntza Burujabearen alde.

Duela urte bete Euskal Herriko hainbat sindikatuk – steilas barne- eta beste eragile askok Euskal Herriko Karta Soziala onartu genuen . Kartak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu beste behin, horixe izan beharko bailitzateke sinatzaileok zehaztu beharreko abiapuntua.

Jendartea eskubidez ahalduntzeko tresna honetan helburuak ongi definiturik daude: Pertsona guztiak dira eskubide berberen jabe eta guztiek merezi dute berdintasunezko tratua. Horrek exijitzen du era guztietako diskriminazioak ezabatzea, hots, arrazoi hauengatik sortutako diskriminazioak ezabatzea: adina, egokituriko sexua, egoera soziala, jatorri geografikoa, generoa, aniztasun funtzionala, sexu-identidadea, aukera ideologikoa, bizikidetza-harremana, egoera administratiboa, etnia edo askatasun gabetua izatea (espetxeratuta egotea)”

Hezkuntzari dagokion atalean ongi definiturik dago nolako eredua nahi dugun: Pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena generoaren ikuspuntutik (hezkidetza), ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena, hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezkoak ez direnetan.”

Azaroaren 28rako Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituta “Guk orain, hemen gure hezkuntza eraiki! Inposaketarik ez!” lelopean mobilizazioak izango dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta, nola ez, steilas sindikatuak bere atxikimendua adierazi du. steilas prest dago, beti egon den moduan, elkarlanerako, adostasunerako eta Hezkuntza Sistema Propioaren bidean pausuak emateko. Baina gauzatu dezagun eztabaida balizko legearen aurretik, lege horrek egun duguna okertu eta behin betikotuko baitu. Zein zentzu du indarrean luzerako izango den lege bat lotu eta ondorengo eztabaidak? Nola ote da posible, guraso elkarteak, langileak eta beste eragile asko kontra izanda, HEZIBERRIren bigarren faseari dagozkion dekretuak onartzea? Zergatik dute patronal ezberdinek adostasunik gabe jaiotzen den lege bat onartzeko horrelako presarik? Zein zentzu du LOMCEren aterkipean lege berri bat lotzeak? Ez dugu ulertzen eztabairik gabeko akordiorik, ez eta akordiorik gabeko hezkuntza legerik ere.

Ildo honetan, hainbat kooperatibak eta fundaziok duen izaera juridikoa dela eta, ikastetxe hauekiko pribilegiozko tratua salatu izan du steilasek. Jakin-mina sortzen du gure jarrerak hainbaten artean, eta behin baino gehiagotan horren gaineko arrazoia eskatzen zaigu. Gure erantzuna gardena bezain zintzoa da: aukera berdintasuna, doakotasuna, ekitatea, laikotasuna, euskal herritar guztien hezkuntza duin baterako eskubidea, euskara eta hezkidetza. Eta hori guztia bermatzeko modu bakarra: euskal eskola publiko bakarra, denona eta denontzat . Horra hor gure interes eta eredua. Horietan oinarritu behar baita gure hezkuntza sistema propioa, eta ez alderantziz. steilas martxan da Hezkuntza Sistema Propio eta Burujabearen Bidean, hezkuntza herritar eta burujabe batetik eraikiko baita gure herriak behar duen hezkuntza.

Hezkuntza Sistema Propio eraikitzea eta Hezkuntza Sistema Burujabea eraikitzea ez baita gauza bera. Propio hitzak ez du inongo inplikazio ideologikorik. Propio hitzarekin eredu zitalak ezkutatu daitezke , Katalunian gertatu bezala, propio bezain merkatuekiko menpeko ( edo neoliberal) den eredua, edo propio bezain etnozentrista den eredua. Beraz, zein da hezkuntza sistema propio horren hezkuntza eredua? Guk gure hezkuntza nahi dugula esateak, eta hori hezkuntza eredu gisa aldarrikatzeak ez du, berez, hezkuntza eredu bat definitzen; Hezkuntza sistema propioa nahi dugu, bai, baina ez edonolakoa. Ez dugu Hezkuntza Troikak inposaturiko eredu merkantilistarik nahi. Banku Mundialak, estatuko legeek edo Europar Batzordeak ezarritako irizpideetatik eta OCDEek erabakitako ebaluazio irizpideetatik aldentzen den eredua nahi dugu, Europa2020 estrategiatik aldentzen dena alegia, herritar guztiengana hurbiltzeko. Euskal Eskola Publiko bakarra behar dugu, herritarra, hurbila, denona eta denontzat izango dena.

Hezkuntza herritarrengandik urruntzeko eta merkatuetara begira jartzeko estrategia honetarako, markoa eraiki dute Madrilen. LOMCE, batez ere, lege klasista da eta LOMCEri aurre egiteko modua klasismoari aurre egitea da. LOMCEk eta HEZIBERRIk hezkuntza eredu merkantilista bat inposatu nahi digute; biek ala biek ikastetxeen arteko ezberdintasunak eta sistemaren desregularizazioa beharrezko dute aurrera egiteko, hori baita abiapuntua: sistema heterogeneoa izatea, hots, ikastetxe eta sare ezberdinak daudenez, bakoitzari nahi duena ematea (bakarrik emaitza akademiko onak lortzen dituzten ikastetxeei), eta lorpen adierazleak tokian tokiko errealitateetara egokitzea. Hezkuntza sistemaren dibertsifikazio honek lehenengo eta bigarren mailako herritarrak sortu ditu eta sortuko ditu. Errealitate ukaezina da hau.

steilasek ez du inoiz norabide horretan aurrerapausorik ematen duen legerik onartuko. Gogor salatuko dugu jendarte kohesionatu baten aurkako edozein ekimen, datorren tokitik datorrela ere. Eta gure Hezkuntzaren ganorazko eraikuntza egingo badugu, horixe dugu eraikuntzarako oinarrizko elementua. Kalean, komunikabideetan, ikastetxeetan, administrazioan… bat eginen dugu norabide berean lan egiten dutenekin, baina, beti ere, inoiz gaindituko ez ditugun gure oinarrizko baldintzak zein diren garbi utziz.