Donostiako hondartzetan biluzik bainatzea bezain ederra, emakumeok gure eskubideen jabe bizi ahal izateko lan egitea bezain garrantzitsua, eta emakumeen eskubideen atzerakada izugarria ekarri nahi zuten frankistei aurre egitea bezain adoretsua. Halakoxea zen Soledad Casilda Hernáez Vargas, bai bera eta bai bere bizitza: ederra, garrantzitsua eta adoretsua. Eta hala adierazi nahi dugu idatzi hau sinatzen dugun hainbat emakumek.

Kasilda duela mende bat baino gehiago jaio zen, Gipuzkoako herri batean, nahiz eta bere bizitzaren zati handi bat Donostiako Egia auzoan pasatu. Anarkista ezagun horri esker, emakumeon askatasunari buruzko eztabaida asko jarri ziren mahai gainean. Nudismoa, familia eredua, gure gorputzaren jabe izatea, emakumeoi ezarritako rolekin apurtzea… Ez da beharrezkoa berak egindako guztia babestea onartzeko benetan pertsona garrantzitsua izan zela hainbat ikuspuntutatik begiratuta. Emakumeon eskubideei dagokienez, dudarik ez, baina baita frankismoaren aurkako borrokan ere.

Aurten, 80 urte beteko dira altxamendu frankista hasi zenetik 1936ko uztailaren 18an. Eta Donostiak altxamendu horri aurre egin zion. Eta frankistak geldiarazi zituen —egun gutxi batzuk iraun bazuen ere—. Larramendi kaleko frontean ibili zen Kasilda Errepublika defendatuz. Gaur, Errepublikaren Eguna izanik, ezinbestean Kasilda gogoan hartu eta omentzeko eguna dugu donostiarrok, emakumeok eta antifrankistok.

Horregatik, eskaera zehatz bat babesteko asmoarekin idazten ditugu lerro hauek: Soledad Casilda Hernáez Vargas andreak bere bizilekua izan zen Egia auzoan plaza bat izan dezala eskatzen dugu. Eta hala eskatu nahi diegu, gainera, Donostiako Udal talde politiko guztiei, beraien eskuetan baitago.

Badira urteak Emakumea eta Hiria Foroak (1998tik lanean ari den foroa) Donostiako kaleetan emakumeen presentzia areagotzeko proposamenak egin zituela; tartean, Kasildarena. Izan ere, Donostiako kaleen %10ek bakarrik dute emakumeen izena. Orain, talde politiko batek mahai gainean jarri du proposamen zehatz bat eta berau eztabaidatuko dela badakigu. Gutun honen bidez, oso mundu ezberdinetatik gatozen hainbat emakumek Kasildari omenaldi hau zor diogula babestera gatoz.

Kasilda, oraingoan bai, zure ordua da.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK SINATU DUTE: Arantxa Elizondo Lopetegi, Zientzia Politikoetako EHUko irakaslea; Joxepa Bornaetxea Estela, Bilgune Feministako kidea eta EH Bilduko partaidea; Nagore Iturrioz, Steilas sindikatuko eta Medeak emakume taldeko partaidea; Begoña Pecharroman, antropologo, ikertzaile eta Emakumea eta Hiria Foroko partaidea; Ascension Martinez, historialaria eta Emakumea eta Hiria Foroko partaidea; Pilar Romea, Dan Dai Egiako emakume taldeko kidea eta Egia Bizirik auzo elkarteko kidea