Iritzi artikulua: Oker zaude, Bujanda jauna

[Oker zaude, Bujanda jauna [pdf]]

Bat esan eta bestea egin, nola asmatu horrelakoekin? Esaera zahar honek ongi islatzen du EAJren ibilibide arduragabea. Hori gutxi balitz, hartu dituzuen erabakiak ikusita, sinesgarritasun eza nagusitzen da euskal gizarteari LOMCIBERRIren (LOMCE + HEZIBERRI) onurak saldu nahi dizkiezuenean. Istorio honetan guztian EAJtan, behin gutxienez, zintzo jokatu duen bakarra Erkoreka jauna izan da. LOMCE lege organiko izanik, bete beharreko araudia zela esan zuenean, ezin zirela insumiso izan. Bejondeiola. Hurrengo goizean Uriarte andereak LOMCE ez zuela beteko esan zuen . Eta Erkorekaren hitzetan dago gakoa. Prest al dago EAJ Lege Organiko baten aurrean planto egiteko? Prest al dago EAJ LOMCEren kontrako norabidea eramango duen araudia garatzeko? Erantzunik behar ez duten galderak dira hauek. Eta hemendik aurrerako xehetasunak soberan egongo balira ere, Bujanda jauna, aipatu dituzun zenbait punturen inguruko errealitatea argitu nahi dugu.

Estatuarekin alderatuz adierazle askotan txukun ari omen gara, eta ez zaizu arrazoirik falta. Baina eskuinak aspaldi ahaztu duzue edozein hezkuntza sistemaren helburua zein den, kalitatezko hezkuntza sistema baten oinarria zein den, alegia: Kohesioa, ekitatea, aukera berdintasuna eta jatorrizko ezberdintasunen konpentsazioa. Eta hor, Europa osoan, azkenak gara, estatuaren emaitzetatik ere urruti. Steilaskideok egoera honen berri eman genien zure alderdikide diren Cristina Uriarte eta Alicia Epelderi, emaitza hauek hain gustuko duten PISA txostenean ere agertu baitziren 2012.urtean. Orain Save the Children erakundearen txostenak berretsi du salaketa. Baina hori, Bujanda jauna, ez duzu ahaztu, ondo ezagutzen duzun datua da, gogoan duzuna, baina ezkutatu egin nahi duzu. Hori da Txiki Muñozek aipatzen zuen neoliberalismo bortitz horren adierazle garbia.

Baina sar gaitezen xehetasunetan. Zure idatzian LOMCE eta Heziberriren arteko aldeak aipatzen dituzu zenbait puntutan, LOMCE eta Heziberri berdinak direla diogunok gezurretan ari garela justifikatzeko. Garrantzitsuenen inguruko aipua egingo dugu:

Konpetentziak: LOMCEk, Heziberrik bezala konpetentziez hitz egiten digu, eta biek ala biek ekintzailetzaren enpresa ikuspuntuari (Garagorri berak bereizi zituen bere garaian-Heziberri garatu aurretik- ikuspuntu enpresariala eta ekimenerako gaitasuna) ematen diote garrantzi berezia , eta biek ala biek emaitza akademikoen garrantzia aldarrikatzen dute (LOMCEko hirurogeita hamazazpigarren artikuluan, ikastetxeen kalitatea sustatzeko atalean, eta Heziberriko 5.kapituluan, ikastetxeen autonomia proiektua garatzeko atalean). Kontu ematea, emaitza akademikoen garrantzia, kanpo ebaluazioen garrantzia…prozesua baloratu beharrean, emaitza baloratzea soilik. Non geratzen dira konpetentziak? Konpetentzien beraien inguruan ere luze eta zabal mintzatu gintezkeen, baina Delors bera ere lotsatuko lukeen konpetentzien egituraketa baten aurrean gaude. Konpetentziak merkatuen esanetara geratzen dira (Rethinking Education), merkatuek behar dituzte jakintza gabeko ikasle-erraminta malguak behar dira Europar Batzordearen hitzetan. UNESCOk bere garaian aurkeztutako konpetentzien garapenean jasotzen zuen planteamandua aztertzea (egiten ikastesteak bereziki) eta egun Heziberrik eta LOMCE jasotzen dituenak parekatzea nahikoa da eredu neoliberal honek nora eraman gaituen ikusteko.

Ebaluazioa: Heziberriko VII. kapituluan, LOMCEren ebaluazioa sistema osoa goitik behera bere egin ostean, zera jasotzen da: Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemak honako lehentasun hauek ditu hezkuntza-sistemaren eta ikerkuntzaren esparruan: Estatuko ebaluazioetan parte-hartzea.

Beste gai asko ere gustura garatuko genituzke, baina aipatu behintzat egingo ditugu: aurrerago aipatutako LOMCEren 77.atala (ikastetxeen kalitatea sustatzeko atala) eta Heziberriren V. kapitua (ikastetxe publikoen autonomia) parekatzera gonbidatzen dugu irakurlea , OCDE-PISA eta Europar Batzordearen 2020rako estrategia dira lege bien abiapuntu (Hezkuntza merkatuen gorabeheretara egokitu behar da), sare pribatuen ituntzean EAJ LOMCEtik harago joan da, 6 urteko ituntzeak derrigorrezko etapaz gain, derrizgorrezko ez direnetan ere ezarri dituelako, finantzien inguruko hezkuntza, ibilbide segregatzailearen kontua gauzatzen ari da, erlijioa (gogoratu Uriarteren Hezkuntza sailaren dekretuetan erlijioko derrigorrezko orduak LOMCEn baino gehiago direla)…baina batez ere, biek baztertzen dute eskola publikoa sistemaren ardatz izatea. Eta hori da gakoa, hor datza jatorrizko bekatua. Sistemaren atomizazioaren eta desregularizazioaren aldeko apustua egin duzue, hezkuntza lehiakorrarekiko apustua, alegia.

2009ko urtarrilaren 20an Kristau Eskolak eta Ikastola pribatuek Tontxu Campos buru zuen Hezkuntza Sailarekin sare pribatua gainfinantziatzeko akordioa sinatu zuten. Bertan Hezkuntza Lege berri baten premia aldarrikatzen da, sare publikoa eta pribatua parekatuko dituen lege baten beharra. Hori da Heziberri, ez besterik. Eta hori garatu ahal izateko bake soziala behar dute akordioaren sinatzaileek.

Heziberrik oinarri ideologiko bat du: Europa2020 estrategia. Abiapuntu bat: sare pribauak 2009an Tontxu Camposekin sinatutako akordioa. Eta koartada bat: LOMCE.

steilasek behin eta berriz egin du akordio eta elkarlan zintzorako deia, eta mantentzen dugu. Bitartean, aurrezaurre izango gaituzue, gainontzeko eragile eta hezkuntza komunitatearekin batera.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude