steilas, LABek eta ELAk Nafarroako Bigarren Hezkuntzako oposaketak 2018ra atzeratzeko eskatu dute

 Egin dezagun Hezkuntzako beharrei begirako LEPa

Gaur hemen aurkezten gauden sindikatuok, LAB, STEILAS eta ELA, ikasturte honen hasieran Nafarroako Irakaskuntzako Mahai Sektorialean Administrazioak Bigarren Hezkuntzako oposizioak deitzeko egitasmoaren aurrean gure kezka eta iritzia adierazi nahi dugu.

Hiru sindikatuok garbi adierazi dugu ganoraz aztertu behar dela zein den oraingo irakaskuntzako errealitatearen abiapuntua eta lehenik eta behin egoeraren diagnosi sakona egin etorkizuneko beharrak identifikatzeko eta ondoren ahalik eta oposaketa prozesu aberatsena aurkeztea (ahalik eta plaza gehien behar gehien duten espezialitateetarako…), ikasleek eta ikastetxeek ahalik eta plantila egonkorrenak eduki ahal izateko eta ehundaka langile prekarietate egoeratik atera ahal izateko Hezkuntza publikoaren kalitatea bermatuz.

Ezin dugu ahaztu, alde batetik, murrizketak bertan behera geratuko balira irakasle kopurua handituko litzatekeela; eta bestetik, Europatik etorritako epaiaren aplikazioaren ondorioak plantiletan eraldaketa handia ekar dezakeela, besteak beste. Laburbilduz, plantilen osaketarako irizpideek hezkuntzako planifikazio orokorrari lotuak egon behar dutela.

Hezkuntza Departamentuak oraindik ez digu aurkeztu zein espezialitate deituko duen oposaketarako, zenbat plaza espezialitateko, nolakoa izanen den deialdia,  gutxieneko berme juridikoak egonen diren aurkezten diren irakasleen eskubideak babestuak izan daitezen.

Iaz bezala azkar eta presaka egindako deialdia ez ote den izanen aurten ere sumatzen dugu, berriro irakasleen artean etsipena sortuko duena denboraz berandu ateratzen delako, behar den prestaketa baldintzatzen baitu.

Honela izanda, garbi esan nahi dugu ez dugula onartuko berriz arduragabekeriaz kudeatutako prozesua berriro eta hau ekiditeko lan egiteko konpromisoa berresten dugu.

Gure ustez, jadanik epeak eta baldintzak LEPa era egokian garatzeko ez dira betetzen: ahalik eta zabalena plaza kopuruari dagokionez eta kalitatezko irakaskuntzari erantzunen diona, hizkuntza eta lan eskubideak bermatzen dituena eta kontrako edozein estrategia juridikoa saihesteko modukoa.

Lan eskaintza publiko (LEP) honen kudeaketa ezin da denboran gehiago luzatu inolako justifikaziorik gabe; ondorioz, goazen baldintza egokiak sortzera  LEPa deialdia egin baino lehen: atera dadila LEPa ikasturte honetan baldintza egokietan eta datorren ikasturtean izan daitezela Bigarren Hezkuntzako oposizioaren azterketak.

Beraz, ez dugu ikusten ikasturte honetan Bigarren Hezkuntzako oposizioaren azterketak egiteko, ez baldintzarik ezta aukerarik ere.

Gobernuari berari gure eskua luzatu nahi diogu elkarrekin lan egiteko eta LEP honen  ezaugarriak guztion artean lantzeko. Hau da, hemen dagoen gehiengo sindikalarekin batera legealdi honetarako Hezkuntzan egon daitezkeen erronka nagusien inguruan eztabaidatzeko aldebiko prozesua irekitzea eskatzen diogu. Horretarako gure prestutasun osoa eskaintzen diogu.
Hezkuntza Departamentuak aurreko prozesutik ikasgaia ikasita badu, aldi berean Nafarroako jendartearekin hartutako aldaketarako konpromisoa betetzeko asmorik badu, gure prestutasuna luzatu nahi diogu bidea elkarrekin egiteko.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude