Haurreskolak Partzuergoarekin izandako bilera

Atzo, hilaren 19an, Enpresa eta 3 sindikatuak Mahai Parekidean batzartu ginen. Hauek izan ziren bertan landu ziren gai orokorrak:

  • Antza denez, 2013az gero egiten duten bezala, ikasturte honetako ekaineko aparteko ordainsaria urtarrilaren 4an aurreratuko digute.

  • “Aitorpen arduratsua, adin txikikoaren babes juridikoaren urtarrilaren 15eko 1/1996 lege organikoaren 13.5 artikuloa betetzeari buruzko, eta sexu delitugileen erregistro zentralaren ziurtagiria lortzeko baimena”. Hezitzaile guztioi jakinaraziko zaigu 2017ko martxoaren 17ra arte izango dugula baimena aurkezteko epea.

Ordezkoen Araudiari dagokionez, berriz, Sindikatuok egin genituen ekarpenen artean, steilasek oinarrizko proposamen hauek egin zituen:

  • Baremazio/birbaremazio prozesua bertan txertatzea eta Gizarte Hezkuntza, Zeinu Hizkuntza eta 0-3 urterako formazio homologatuak baremazioan puntuatzea.

  • Ordezkotasun izaera betikotzen duten jarrerak ekiditzeko:

Aldi baterako uko egiteko aukera izatea. Irakaskuntza publikora joateko egun batetik bestera dugun kontratua bertan behera uzteko aukera izatea. Langilea ez da ikasturte horretan erabilgarri egongo, eta zerrendetan mantenduko da.

Ikasturtean zehar eskaintzei eta deiei uko egiteko aukera izatea. Baremazioan hurrengo ikasturte osorako ez-erabilgarri jartzeko aukera izatea.

Enpresak estrukturalak diren lanpostuak banatzearen alde egitea, LEP arteko kontratuen bitartez.

  • Lan metaketak dituzten langileek kontratua bukatzen dutenean, 10 eguneko lehentasuna kontutan izatea hurrenkeraren arabera (lanaldiarekin bat datorrenean).

  • Ordezkapen kudeaketarako zerrenda bakarrera bueltatzea eta lurraldetasuna eta lanaldia aukeratzeko eskubidea ematea, langileei etxetik 50 km baino gehiagoko lan kontratuei uko egiteko aukera eskainiz.

  • Enpresak ordezkoen araudian egiten dituen interpretazioak zeintzuk diren zehaztea eta idatziz jasotzea eskatzen dugu. Horrela, proposamenak mahai gainean jartzeko aukera izango genuke. Ahalik eta Ordezkoen Araudi osoena sortzeko asmoz luzatzen dugu eskaera, etorkizunean alde bakarreko erabakiak ekiditzeko.

  • Negoziazioak aurrera egiten duen heinean, araudia osatzen joateko egokiak ikusten ditugun proposamenak eztabaidara ekarriko ditugu.

Egoki ikusten ditugu kontratuen hobekuntza eztabaidara zabaltzea eta hezitzaileen erabilgarritasun aukerak kudeatzeko aukera berriak aztertzea.

Enpresa gure ekarpenak entzuteko prest agertu da, baina Ordezkoen Araudiaren inguruan ez du ekarpenik egin. Urtarrilaren 25eko bilerarako hartutako konpromisoa, indarrean dagoen araudiari ekarpenak egitearena da (sarrerari eta 1, 2, eta 3. artikuluei), eztabaidagai izateko.

Eszedentziak gai ordenean aipatu arren, Enpresak LEP arteko langileen borondatezko eszedentziaren inkorporazioari buruz hitz egiteko nahia azaldu du, soilik. Hiru sindikatuok eszedentziak eta norberaren eginkizunetarako baimenak negoziatzeko nahia adierazi diogu (Lan Hitzarmeneko 44. eta 47. artikuluak). Enpresak amore eman zuen eta prest dago hurrengo bileran gure ekarpenak entzun eta aztertzeko.

Honen guztiaren inguruan ekarpenak egingo dituzuelakoan, steilasen iradokizunak jasotzeko prest gaituzue.

2016-12-20 STEILASBERRI 9