Nafarroako aurrekontuak. Hausnarketa osoa (pdf)

Hezkuntzako aurrekontuak steilasen iritzi artikulua [pdf]

Hezkuntza aldatzeko, inbertsio handiagoa

Pasa den asteko ostiralean hainbat eragile sozialek eta sindikatuk “aldaketa handiagoa eta sozialagoa” lemapean manifestazioa egin genuen Iruñeko karriketan herritar orori eskubide sozialak eta kalitateko zerbitzu publikoak bermatzen dizkion aurrekontuak aldarrikatzeko. Oraingo Nafar Gobernuak arlo hauetan pairatutako murrizketak zuzentzeko bideari ekin diola onartzen badugu ere, aldaketa soziala erdiesteko ahalbidetzen duten aurrekontuetatik urrun gaudela ikusten dugu. steilasek, Parlamentu Sozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak berretsi dugu beharrezkoa den aldaketa honen alde lanean segitzeko konpromisoa.

Iaz, Gobernuak 600 milioi euro bideratu zuen Hezkuntzarako, eta aurtengo zirriborroan 635 milioi euro aurreikusten dira. %6ko igoera bada ere, urria da egokituriko kopurua; berez, 2010 urtekoa baino baxuagoa da (680 milioi), eta are gehiago kontuan hartzen badugu ikasle kopurua %7 igo dela azken urteotan.

Aurrekontuak bere osotasunean hartuta, 4.024 milioikoak dira eta horietako %15,78 Hezkuntzari bideratua. Barne Produktu Gordinarekin alderatuta, Nafarroak %3,48 bideratzen du . Kopuru hauek honakoa uzten dute agerian: alde batetik, urria dela hezkuntzari bideratutakoa, estatu mailako batez-bestekoa %20 baita; bestetik, jomuga hartzen badugu desiragarria den BPGren kopurua, %6 alegia, oso urrun gaude.

Atalez-atal hezkuntza publikoko langileei soldata ordaintzeko kopurua handiena dela begi-bistakoa da, 364 milioi inguru, kopuru osoaren %57. Atal honetan ere, urruti gaude 2010. urtean bideraturiko kopurutik: 377 milioi. Honek agerian uzten du aurreko legegintzaldian suntsitutako enpleguak ( 800 inguru) errekuperatzeko bideari ekin gabe segituko dugula aurten ere, baliabide ekonomiko nahikorik ez dagoelako. Bada atal bat igoera izan duena “aurreko urteetako langileen ordainketak” eta horretarako 13 milioi bideratu dira. Hau da, aurreko gobernuak utzitako zorra kitatzeko kopurua da, orain epaitegietan lortu baitugu langile interinoei ordaintzea dagokien guztia, irizpide murriztaileak alde batera utzita.

Bada atal bat igoera nabarmena izan duena, Azpiegituren Atala, aurrekontuetan %40ko igoera izan duena. Horren ondorioz, ikastetxeen mantenurako eta berriak eraikitzeko 16 milioi euro bideratuko dira, aurten baino 9 milioi gehiago. Igoera handi hau guztiz logikoa da – urria oraindik ere – kontuan hartzen badugu aurreko gobernuak ikastetxe publikoak erabat abandonatuak zituela, eta horietako askoren egoera deitoragarria da.

0-3 ziklo hezitzailean ere igoera arina ematen da. Hala ere, finantziazioa 2010. urtean baino txikiagoa da. Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek sinaturiko akordioan ziklo honetako zerbitzuaren doakotasuna eta unibertsalizazioa helburu agertuta ere, aurrekontuetan ez da inolako aurrerapenik ikusten.

Unibertsitatea finantzatzeko kopuru igoerarik ez. Beken atalean ere ez. Ez eta beste mailetako ikasleen laguntzetan ere. Era berean, sare pribatua finantzatzeko igoerarik ez dago; hala ere, deigarria da ikustea nola hiru atal ezberdinetan agertzen den 7 milioiko aurrekontua ondoko zereginetarako: premia bereziak dituzten ikasleak artatzeko, immigraziorako, gutxiengo kulturaletarako eta eskolatze-arazoak dituzten ikasleen arreta egiteko. Deigarria diogu, behar gehienak sare publikoan artatzen baitira.

Irakasleen prestakuntzarako atalean aurrerapenik ikusi dugu, baina igoera hau ez da modu orekatuan eman, kopuru handiena hizkuntzen formakuntzarako eta promoziorako ematen baita; atzerriko hizkuntzen mesedetan, eta neurri txikiagoan euskararen sustapenerako.

28.000 euro hezkidetzarako. Guztiz urria da guk ikusten ditugun beharrak egoki asetzeko: berdintasun plana, irakasle guztien formazioa, ikastetxeetan programak ezartzeko baliabideak…

Beraz, ondorioztatzen ahal dugu aurrekontu hauek ez dutela balio murrizketak zuzentzeko. Aurrekontuok lehengoen antza handia dute, UPNren garaiko bide beretik doaz; ez dute abiapuntu izan benetako beharren azterketa, eta ez dute balio gobernuak planteatzen dituen helburuak erdiesteko. Era berean, aurten ere sare pribatuaren pribilegioak mantentzen dira, bere horretan diraute, eta derrigorrezkoak diren eta ez diren etapa guztiak finantzatzen dira.

Etorkizunari begira, guztiz beharrezko ikusten dugu negoziazio prozesua bideratzea Hezkuntza Kalitatea Hobesteko Itun berria lortzeko. Bertan, gure lan harremanak jasotzeaz gain, bestelako neurriak ere jaso behar lirateke, hala nola, enplegua berreskuratzeko neurriak, interinoen prekarietatea nola gainditu eta ikasle guztien arreta hobesteko neurri zehatzak. Hau guztia litzateke ondorengo aurrekontuetan behar adina kopuru zehazteko abiapuntua. Halaber, Gobernu akordioan agertzen diren konpromisoen kostuaren kalkulua egin behar du Departamentuak, daramatzagun bi urte hauetan ez baita egin.