Prentsa oharra: Itunpeko ikastetxeen matrikulazio prozesua: steilasek Hezkuntza Sailaren ofiziozko esku-hartzea eskatzen du

:: Kategoriak: Berriak, EAE, hezkuntza, Prentsa Oharrak :: Etiketak: ,

steilasek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari urtarrilaren 30a irekiko den matrikulazio prozesu ofiziala atzeratu dezan exijitzen dio, prozesu hau beharrezko berme guztiekin ematen dela ziurtatu arte. Zenbait ikastetxetan eman daitekeen aukera berdintasun urraketaren inguruan suertatu diren zalantzak direla-eta, steilasek uste du Administrazioa bera izan beharko litzatekeela prozesua bertatik bertara ikuskatu beharko lukeena, eta hala egin dezan eskatzen diogu Sailari. Prozesuaren gardentasuna ziurtatzeko, ofizioz jokatu dezala eta beraien bete-beharrak bete ez dituzten ikastetxeak -hezkuntza-itunei dagokien indarrean dagoen legedia erabiliz- zigortu ditzala eskatzen dugu, hutsegite larriak baitira.

Eskolen matrikulazio epea gerturatzen doan heinean, diru publikoarekin finantzatuta dauden ikastetxe pribatu askotan, epe ofizialaren aurretik aurre-matrikulazio epeak zabaltzen direla ohiko salaketa izaten da. Aurre-matrikulazio epe hauen bitartez, barne-eskaintza bat egiten zaie, ikastetxeko familiei edo proiektutik hurbil dauden besteei beren seme-alaben izen-ematea bideratzeko. Balio ofizialik ez badu ere etorkizuneko ikasleen zerrenda bat osatzen da horrela eta epe ofizialean informazio bila eskola horietara gerturatzen diren (eta gertukoak ez diren) familien asmoak hozten dituzte. Informazioa modu okerrean ematen zaie, dagoeneko plazarik ez dagoela argudiatuz edo daudenak eskolako ikasleen anai-arrebekin beteko direla esanez. Modu horretan azken hau, eskaerek eskaintza gainditzen dutenean baremaziorako erabiltzen den beste irizpide bat besterik ez dela ezkutatzen diete.

Egoera hau urtetik urtera errepikatzen da, eta, Administrazioaren ageriko utzikeriaren ondorioz, aurtengoa ez da salbuespena izango. Itundutako ikastetxe askotan, dagoeneko, plazarik ez dagoela esaten ari zaie bertaratzen diren familiei, nahiz eta matrikulazio epe ofiziala hilaren bukaerara arte ez den zabalduko.

Administrazioaren sinesgarritasuna kolokan dago, beste behin ere, betearazten ez den araudi bat baitago tartean eta jarrera horren ondorio sozialak agerian geratu direlako. Hezkuntza eragile ezberdinen salaketa lanari esker, steilas horien artean, gaur egun inork ez du ukatzen Euskal Hezkuntza Sistemaren arazo larrienetako bat ikasleen segregazioa denik. Egoera hau sustatzen duten arrazoi zehatzak daude, gainera, aski ezagunak direnak (baremazio sistema, epez-kanpoko matrikulazioa, itunpeko ikastetxeetako kuotak, publikoen finantzaketa-falta, erlijio idearioak…).

Hezkuntza Sailak ezin du jarraitu ez-ikusiarena egiten denbora gehiagoz. Bere bete-beharra da salaketa horiek aztertu eta matrikulazio epeak behar dituen bermeak ziurtatzeko neurriak hartzea.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude