Aurrekontuak 2017: Murrizketarik Ez!

Lanbidek kudeatutako laguntzetan

% 15 murriztearen aurka

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio enplegu-pizgarrietan, diru-sarrerak bermatzeko errentan, pentsioen osagarrian eta alokairurako laguntzetan LGSaren % 8 igotzeari.

Azken 5 urteotan % 7ko murrizketa mantendu da jaso beharreko zenbatekoetan.

Lanbideren diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak, prekariotasuna, etxegabetzeak eta pobrezia luzatzearen aurka lan egiten duten gizarte-kolektiboak eta hainbat eragile sindikal jendaurrean agertu dira Eusko Jaurlaritzaren Bilboko Ordezkaritzaren aurrean, eta adierazi dute nazkatuta daudela Eusko Jaurlaritzak urte hauetan ezarri dituen murrizketa-politikekin.

Aurretik ere gogaituta zeuden, baina egoerak gainezka egin du Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek erabaki duenean Eusko Jaurlaritzak ez duela LGSaren % 8 igoko Lanbidek kudeatzen dituen diru-laguntzetan; izan ere, igoera hori LEGEZ bete beharrekoa da. Honako hauek dira Lanbideren laguntzak: pentsioen osagarria, laneko diru-sarrerak osatzeko errenta, diru-sarrerak bermatzeko errenta, eta etxebizitzaren laguntza osagarria.

Horrez gain, duela 5 urtetik % 7ko murrizketa egiten da ozta-ozta bizi diren 64.000 familiak laguntza horien bitartez jasotzen dituzten zenbatekoetan. Gainera, kopuru hori oso urrun dago EAErako pobrezia-atalasearen 1.200 euroetatik.

Hori dela eta, mobilizazio honen bitartez, iragarri nahi dugu elkarretaratzea egingo dugula asteazken honetan, urtarrilaren 18an, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Beatriz Artolazabal sailburuak legebiltzarrean egingo duen aurkezpenean zehar. Aurkezpen horretan, hasi berri den legealdi honetako programa azalduko du, eta, nola ez, murrizketak izango dira nagusi.

Kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzak berak eginiko ikerketen arabera azken urteotan gora egin dutela, bai enplegua dutenen bai langabezian dauden familien artean, pobrezia- eta bazterkeria-indizeek eta hilabetearen amaiera iristeko zailtasunek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak berak diru-laguntza sozialak murriztu izanak eragin du egoera hori. Diru-laguntza horien bitartez, pertsonek gutxieneko diru-sarrera batzuk izatea berma daiteke bizitza pixka bat duinagoa izan dezaten, eta horiek murrizteko erabaki politikoaren ondorio da egoera dramatiko hau.

Gainera, lotsagarriak eta toleraezinak dira horrelako adierazpenak: “Ezin dugu DSBE igo eta lan-merkatura sartzeko pizgarria kendu”. Hori erabat faltsua da. Lanbideren datuen arabera, bizikidetza-unitateen % 20k –12.504– enplegu prekarioa dute eta DSBErekin osatzen dute beren soldata eskasa; laguntzen % 25 –15.817– pobrezia-pentsioak ordaintzeko erabiltzen dira; beste % 20 zenbateko txikiko langabezia-sorospena osatzeko erabiltzen dira, oraingo egoera prekarioaren ondorioz.

Hori guztia dela eta, murrizketen aldeko apustu politiko honi aurre egiteko…

  • ESKATZEN DUGU Lanbidek kudeatutako laguntzetan LGSaren % 8 igo dezatela.

  • ESKATZEN DUGU datozen aurrekontuetan EZ ditzatela % 7 MURRIZTU DSBE eta gure gizarteko pertsona pobretu eta prekarizatuentzako gainerako laguntzak.

SINDIKATUAK:

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT eta CNT.

BIZKAIKO GIZARTE-KOLEKTIBOAK:

Argilan, Argitan (Emakumeentzako Aholku Etxea, Barakaldo), Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Brujas y Diversas, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Munduko Emakumeak, Posada de los Abrazos/Besarkatuz, SOS Arrazakeria Bizkaia eta PAH Bizkaia-Kaleratzerik EZ!

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude