Iritsi da San Valentin eguna, eta PNVko kideok ezin dizugu gure maitasuna aitortu gabe utzi. Zuri, CETA; zuri, negozio borobilari; zuri, kapital-metaketari; zuri, gure bezero sarearen boltsikoak betetzen jarraitzen lagunduko digun Kanada eta Europar Batasunaren arteko Nazioarteko Itun Ekonomikoari. Gure maitasuna aitortzen dizugu beste alderdi batzuekin batera, denok dirugoseak itsuta, aberastasunarekiko maitasun erromantikoaren ezaugarri bereizgarriena. Denok batuta zure aurrean makurtzeko, gure subirautza zure mesedetara jartzeko, ingurugiroa eta gure osasuna, gure eskubide sozial eta laboralak… gure bizitza osoa.

Maitasun honek itsutu egiten gaitu eta. Hainbeste itsutzen gaitu, ezen ez ditugu ikusten, ez digute inporta, itun neoliberal hauen ondorioek: benetako maitasunak edozein mugarekin ahal duelako, sakrifizio oro merezi duelako… batez ere herritarrek ordainduko badute, eta ez Guk.

  • CETA. Nazioarteko Arbitraia Auzitegien bidez (ISDS), multinazionalei kalte egiten dieten lege eta neurriengatik estatuak auzipetzeko bidea zabalduko duen Europar Batasuna eta Kanadaren arteko Itun hori. Horrela, multinazionalen neurrira egindako legediak bultzatuz, euren negozioei bidea erraztuz, enpresa handiak estatuen subirautzaren gainetik jarriz.

  • CETA, gure elikaduraren kalitatea amilduko duen Itun hori, orain arte debekatutako tratamenduei ateak zabalduz, kloratutako haragia eta produktu transgenikoak, adibidez.

  • CETA, multinazionalek ekoizpen kostuen azpitik inportatuko dituzten produktuekin ezin lehiaturik, komertzio txikia eta tokiko nekazariak porrotera eramango dituen Itun hori.

  • CETA, orain arte euren praktikak ingurugiroarentzat eta osasunarentzat kaltegarriegiak zirelako sartu ezin izan diren enpresei, europar merkatuen ateak parez pare zabalduko dizkien Ituna. Kanadako meatzaritza sektoreko enpresei, adibidez.

  • CETA, “arreta-printzipioa” bezalako kontrol neurriak galduaraziko dizkigun Itun hori, gure hozkailu eta sendagaiak balizko pozoiez betez.

  • CETA, zeharka Estatu Batuekin lortutako akordio izango den Kanadarekin sinatutako Itun hori, merkatuen bien loturaren ondorioz, TTIP-erako zubi.

CETA, bihar, otsailak 15aren, PNV, PSOE eta PPk “bai, nahi dut”-aren bidez Europar Parlamentuan onartuko dugun Itun hori. Aurrerago Espainiar Parlamentuan berriro ere betiereko maitasuna zin egingo diogun Merkataritza Itun hori. Diruak, eta eredu neoliberalaren garapenak, (gainerakoen) sakrifizio guztiak merezi ditu eta.