Azken sententziak: Partzuergoaren trikimailuak agerian

Atzo bertan, abuztuko nominen borrokari lotuta, langileen aldeko beste bost sententzia jaso ditugu. Dakizuen bezala, 2015eko abuztuan, Enpresa abuztuko nomina ikasturtean zehar egindako lanaren arabera proportzionalki ordaintzen hasi zen, aldebakarrez hartutako erabaki baten ondorioz. Horrela, abuztuan kontratupean egondako langile askok ez zuten kobratu zegokien abuztuko nomina osoa. Hau jakin bezain pronto, steilas sindikatuak azalpenak eskatu zizkion Haurreskolak Partzuergoari eta epaitegietara eraman zuen gaia; lehenengo sententzia irten bezain laster, hezitzaile guztiei dirua itzultzea eskatu genion Enpresari, 2016ko abuztuan berriro ez egitea exijituz.

Enpresak gure idatzi eta eskaerei erantzunik ematen ez ziela eta 2016ko abuztuan berdin jokatu zuela ikusita, epaiketetan jarraitu dugu. Bere jarrerak beste biderik ez digu utzi, eta, gainera, jasotako sententzia guztiak gure alde irten dira; hauetako bat, partzialki irabazi zen. Sententzia hau irten bezain laster (partzialki irabazitakoa), Enpresako abokatuak gureari sententzia honek esaten zuena onartzeko prest zegoela esan eta beste epaiketekin aurrera ez jarraitzeko eskatu zion. Gure abokatuak ezezko borobila eman zion, noski; gure helburua 2014ko abuztuko egoerari itzultzea zen-eta. Ondoren jaso ditugun sententzia guztiak irabazi ditugu, gaurkoak barne. Bitartean, steilas sindikatuak, bi idatziren bitartez, azalpenak eskatu dizkio Enpresari, eta, erantzunaren zain gaude oraindik ere. Beraz, Enpresak benetako konpromisoa hartu, 2014ko egoerara itzuliko dela esan eta langile guztiei dirua itzuliko diela esan arte, aurrez aurre aurkituko gaitu. Epaitegietan jarraituko dugu, Enpresa honekin beste biderik ez dagoelako.

Baina gaurko sententziak beste albiste on bat dakarkigu. Langile guztiei, finko zein ordezkoei, zuzenean eragiten diguna eta mahai gainean jartzen duena enpresa honen langileok zer nolako diru lapurketa jasotzen ari garen. Alegia, abuztuan guztiok proportzionalki jasotzen dugu nomina; hau da, ikasturtean zehar amatasuneko eszedentzian, murrizketan edo antzerako egoera baten egonez gero, Enpresak proportzionalki ordaintzen digu abuztua (nahiz eta egoera hau uztailaren 20an bukatu eta abuztuan jardun osoan egon). Gaur, epaile batek, langile ausart bati eta steilasi esker, ezetz esan dio Enpresari. Hau da, epaileak abuztua ezin dala proportzionalki ordaindu esan dio (berdin dio kontratu motak). Beraz, altan bazade abuztuan, abuztuan zauden egoeraren arabera ordaindu beharko dizu Enpresak. 2016ko abuztuan egoera honetan egon bazina, animatu eta salatu, zurea dena berreskuratzeko beste biderik ez duzu-eta. Bitartean, Enpresari bideratzeko sententzia honen inguruko beste idazki bat prestatuko dugu, eta, erantzunik jasotzen ez badugu, epaitegietan aurkituko gaitu.

Dena den, argi utzi nahi dugu ordezkoa izanda eta abuztuan kontratupean egonda hilabete osoa ez kobratzearen aurkako sententziak jasotzea ez dela eskubideak lortzea, baizik eta eskubideak berreskuratzea. Azkenengo urteotan jasan izan ditugun murrizketen adibide garbia baino ez da trikimailu hau. Abuztuan eszedentzia eta murrizketekin guztioi egiten digutena aldatzeko borrokan jarraituko dugu, beste biderik ez dago-eta.

NAHIKOA DA!! MOBILIZATU GAITEZEN!!

AZKEN SENTENTZIAK PARTZUERGOAREN TRIKIMAILUAK AGERIAN (HAURRESKOLAK)

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

2 erantzun “Azken sententziak: Partzuergoaren trikimailuak agerian” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude