Hezkuntza Sailaren irakasleen mahai sektorialaren deiari erantzunez, gaur LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako kideak negoziatzeko asmoz Lakuan bertaratu gara.

Bileraren nondik norakoak ikusirik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza komunitatearekiko errespeturik ez duela agertu iruditzen zaigu. Hezkuntza inbertsioa edo kostu ekonomikoa suposatzen duen edozein aldarrikapen negoziatzeari uko egin dio eta, ondorioz, ez du sindikatuok aldarrikatzen ditugun gai nagusienekiko negoziazio asmorik agertu. Sindikatuok orain arteko erabaki eta politikekin aldebakartasunez jarraitzeko asmoa besterik ez dugu ikusten.

Mahai honekin zera berresten da, mahaiak deitu edo ez, Jaurlaritzaren jarrera bera dela. Gogora ekarri behar baitugu heziketa berezian zein sukaldari eta garbitzaileetan mahairik ere ez dagoela deituta, eta Haurreskolak Partzuergoan mahaia deitu arren negoziatzeko inolako borondaterik ez duela agertu.

Beraz, irakasleok, Heziketa Bereziko langile, Sukaldari eta Garbitzaile nahiz Haurreskolak Partzuergorako langileekin batera deituriko mobilizazioekin aurrera jarraitzea beste aukerarik ez dugu. Izan ere, egungo hezkuntzaren egoera larritzat jotzeaz gain azken egun hauetan, Cristina Uriarte Sailburuak hezkuntza kalitatearen ardura irakasleen grebatara fokalizatzea onargaitza dela iruditzen zaigu. Gaur egun dugun hezkuntza egoera eskasten duten aldagaiak, aldebakartasunez hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe ezarritako murrizketek, LOMCE eta Heziberri 2020 egitasmoak, ordezkapenak lehen egunetik ez burutzeak, eskoletako ratio altuek edota gure aldarrikapenetan jasotako gainerakoek baldintzatzen dute besteak beste. Eta guzti hori erabaki politiko bat besterik ez da, Hezkuntza Departamenduak, aldebakartasunez, hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe hartzen duen erabakia da gaur egun dugun egoeraren erantzule.

Hortaz, langileak maiatzaren 16 eta 23an greban parte hartzeko deia luzatzeaz gain ikastetxe , herri eta auzoetan dinamika hau zabaltzera dei egiten dugu.

Bilbon, 2017ko maiatzaren 4ean.

LAB, ELA eta steilas