STEILASek Ortzadar Gara Unitate Didaktikoa aurkeztu du

Bihar ospatuko dugu, berriz ere, urteurrena Munduko Osasun Erakundeak gaixotasun mentalen zerrendatik homosexualitatea kendu zuenetik, 1990eko maiatzaren 17an. Transexualitatea, ordea, ez du ezabatu zerrendatik. Saiatuaren saiatuaz lortuko dugu hori.

Izan ere, aniztasun afektibo sexuala eta genero aniztasuna gorderik eduki ohi dira beti gizartean eta eskoletan. Baina protagonismoa hartu du aniztasun horrek azken urteotan, maiz LGTBI+ pertsonenganako gorrotoak piztutako ondorio lazgarrien harira.

Ezagutza-ezak, aurreiritziek, beldurrek, fobiek, gorrotoak LGTBI+ pertsonak baztertu, zokoratu, kikildu, mugatu, erasotu, erail… egin ditu. Egoera horrela dagoelarik, aldarrikapenen zentraltasuna hartu du LGTBI+ ikasleenganako babes neurriak hartzeak.

Neurri horiez gain, bestelako bidea ere jorratu behar dugu: aniztasuna aberastasuna da, eskoletako zein gizarteko aniztasuna aukera pedagogikoa dela sinetsi eta erakutsi behar dugu, arazoa baino. Ez dugu jendarte uniformean bizi nahi; aitzitik, aniztasunari egin behar diogu gorazarre. Bihur dezagun, bada, aldarrikapen.

Hori dela eta, steilas sindikatuak hezkuntzarako material berri hau aurkezten du. Bertan agertzen dira Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta euskaltegietarako jarduerak, LGTBI+ irudi positiboa zabaltzeko hezkuntza sistema osoan.

Bestalde, material honek badu galdera sorta bat ikastetxearen egoera aztertzeko. Helburua du eskola ebaluatzea LGTBI+ ikuspuntutik. Zoritxarrez, emaitzak nahiko kaxkarrak izanen dira kasu gehienetan, baina tresna honekin bestelako ikastetxe bat bilakatzeko aukera dugu, ikasle ororentzat onuragarria izanen dena.

Material honekin ez dugu nahi gai hauek jorratzea egun jakin batzuetan (maiatzaren 17an, adibidez), baizik eta aniztasun afektibo sexualaren eta genero aniztasunaren ikuspuntua sartuta egotea arlo eta maila guztietan. Hezkidetza da horretarako bide  bakarra. Ikastetxe guztietan hezkidetza planak garatu behar dira eta langileek gutxieneko prestakuntza jaso behar dute (irakasleek zein gainontzekoek).

Gainera, kontuan hartu behar dugu Nafarroako Parlamentuak sarri LGTBI+ lege antidiskriminatoria aldarrikatuko duela eta goain aipatu duguna nahitaezkoa izanen dela gure herrialdeko ikastetxe guztietan.

Steilas sindikatuak tradizio oparoa du hezkidetzan, bai aldarrikapenetan, zein materialak sortzean. Hortaz, gonbidatzen ditugu hezitzaile guztiak gure ikas materialak deskargatzera eta erabiltzera, denak baitaude eskuragarri gure www.steilas.eus webgunean.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude