Iritzi artikulua. ” jaurlaritzaren aurrekontuek hezkuntza publikoa gutxietsi dute”

:: Kategoriak: EAE, Iritzi Artikulua :: Etiketak: , ,

JAURLARITZAREN AURREKONTUEK HEZKUNTZA PUBLIKOA GUTXIETSI DUTE

Urteroko erritualari jarraiki, joan den apirilaren 11an onartu zuen Jaurlaritzak 2017rako gastuen aurrekontua. Hezkuntzarako 2.665,4 milioi € aurreikusi dira, aurreko ekitaldian baino % 2,4 gehiago. “Hezkuntzaren aldeko apustu argia ezbairik gabe” zioen Cristina Uriarte Sailburuak pozaren-pozez, izan ere Aurrekontuek aurten 126,4 milioi € gehiago izango dute eta haietatik zenbat eta 62 Hezkuntzarako dira.

Hori egia izanda ere, ñabardura batzuk egin beharko lirateke objetibotasunaren izenean, aurtengo hezkuntzako gastua oraindik ez delako 2009. urteko mailara iritsiko (urte hartan baino 86 milioi gutxiago egongo da). BPGaren arabera, beheranzko joerak jarraituko du 2017an ere (% 3,82arekin) eta 2016arekiko ez jaisteko oraindik 7 milioi gehiago beharko lirateke. Indize horren arabera, EAEko gastua Estatuko bataz bestekoa baino txikiagoa izango da, krisi aurretik baino askoz baxuagoa (258 milioi € gehiago beharko lirateke 2010eko gastu mailarekin parekatzeko) eta, jakina, gomendatzen den % 6aretik oso urruti: 1.500 milioi € beharko lirateke egiturazko defizit hori konpentsatzeko.

Baina proiektua disekzionatzen jarraitzen badugu, ezkutuan dauden beste egia batzuk aterako ditugu argira.

Lehengo eta behin, aurrekontuek kalte egingo diete langile publikoen lan-baldintzei eta Jaurlaritzak Dekretuz inposatuko ditu bere iritziak negoziazio kolektiboari uko eginez: % 1eko igoera eta 2012ko aparteko lansariaren zati bat berreskuratzea. Agerian gelditzen dira ahuleziak arlo honetan, irakaskuntza publiko arloan 16an eta 23an dagoen greba deialdiaren arrazoiak. Izan ere, igoera horrekin ez da geldituko 209tik eros ahalmenean izan dugun galera (%11,9 eta 14,4 bitartean) eta handitu egingo da KPIak gutxienez % 2ko igoera izango duela aurreikusi baita. Jaurlaritzak Enplegu publikoaren suntsipenarekin jarraituko du, ordezkapenei egiten zaizkien murrizketekin ez baita bukatzen eta ez delako inongo neurrik hartuko erretiro aurreratua sustatzeko. Bestalde, aurrekontuan ez da egonkortasuna handitzeko inolako formularik kontuan hartzen.

Halaber, aurrekontu hauek egiturazko bihurtuko dituzte hezkuntza zerbitzu publikoan urte hauetan zehar egindako murrizketak. Langileen lan-baldintzetan ez ezik ikasleei eta beren familiei eragiten diete neurri horiek. PSEk eta EAJ-PNVk justifikatu egiten dituzte diru-bilketaren galerari eta defizit publikoari aurre egiteko beharrezko den politikan oinarrituz. Baina egoera ekonomikoak hobera egin arren, murrizketa horiek irauten dute, eta betirako geratuko direlako susmoa dugu: ikasleko ratioaren igoera, Lanbide Heziketako edota Helduen Hezkuntzako taldeak egiteko irizpideak, ordu kredituan izandako jaitsiera (IKT, Normalkuntza, Dinamizatzaile interkulturala…) eta -besteak beste- behar berezietan, azpiegituretan, prestakuntzan… izandako murrizketekin.

Gure iritziz, aurrekontuaren egiazko egoera langileen gastuen atzean ezkutatzen da, igoera gehiena gastu horiek eramaten dutelako. Berauek kontuan hartu gabe, itxura errealagoa hartzen dute aurrekontuek: benetako igoera % 1,1koa da, soilik 28 milioi € gehiago, eta gainera, horietatik 10 Ikerketara doaz, berez hezkuntzakoa ez den programa. 2016An KPIak izandako eraginarekin (% 1,5ko hazkundea) aurten hezkuntzan iaz baino gutxiago gastatuko dela esan genezake.

Bestetik, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuan datuak esanguratsuak dira:

-Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrekontuak 5 milioi € irabazten badu ere horrek ez du konponduko 2016an izandako galera (9,6 milioi € gutxiago izan zen). Oraindik 60 milioi € beharko genituzke 2010eko gastu-mailara iristeko.

-Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa biltzen duen programak 11 milioi € gehiago du eta iaz izandako jauziarekin (2015ean baino 21,6 milioi € gehiago eduki zuen programa honek) argi gelditzen da Lanbide Heziketaren alde egiten den apustu ideologikoa. LOMCEri men eginez, nolabait derrigorrezko irakaskuntzari kentzen zaiona merkatuen neurrira eraiki nahi den Lanbide Heziketari ematen zaiola dirudi.

Azkenik, onartu berri duten aurrekontu hauekin 2016an baino diru gutxiago bideratuko dute irakaskuntza publikora. Pertsonal gasturik gabe, aurrekontuetan 16 milioi € gehiago egongo dira Haur, Lehen, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketarako ikastetxetarako (publikoak nahiz pribatuak). Baina Jaurlaritzak 2017an iaz baino 25 milioi € gehiago bideratuko dituenez irakaskuntza pribatura (633 milioi € iaz, 657 aurten) ikastetxe publikoek 9 milioi € gutxiago izango dute aurten. Beste modu batean esanda: 2016an irakaskuntza publikora bideratu zen diruaren kopuru bat itundutako irakaskuntzara bideratuko dute. Oso larria izanik, horrek ez gaitu harritu eta sumatzen genuena konfirmatu egiten du. Bitxia bada ere, hasierako proiektutik behin-betiko aurrekontuetara iristeko onartu diren aldaketa gehienak (ia 3 milioi gehiago) itundutako irakaskuntzara joan dira.

Horrelako aurrekontuekin ezinezkoa da EAEKo Hezkunta sistemaren beharrei erantzutea eta are gutxiago eskola publikoarenei. Hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesio bermatzeko ezinbestekoa da hezkuntza publikoa aurrekontuen erdigunea izatea. Esanak esan, EAJ-k, PSEk eta PPk hezkuntza publikoa gutxietsi dute, berriro ere. Hezkuntza sistema propioaren aldeko apustua egiteko, murrizketekin amaitu eta baliabideak gehitu eta bermatu egin behar ditu Eusko Jaurlaritzak. Eta hori egiten ez duen bitartean aurrean izango gaituzte.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude