Maiatzak 20 manifestazioen balorazioa

Milaka langile, ikasle, familia eta herritar irten dira kalera egungo hezkuntza publikoaren egoera salatzera eta bestelako hezkuntza politika aldarrikatzera

Milaka pertsonak hartu dute parte Gasteiz, Donostia eta Bilbon burutu diren manifestazioetan murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatuz.

Martxoaren 22 eta 16ko greba eta mobilizazio deialdiei jarraipena emanez, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko kolektibo ezberdinetako (irakasleak, heziketa bereziko langileak, sukaldariak eta garbitzaileak) eta Haurreskolak Partzuergoko langileez gain ikasle, familia eta herritarrak deiturik zeunden gaur Gasteiz, Donostia eta Bilbon burutu diren manifestazioetan parte hartzera. Milaka izan dira azken urteetan behin eta berriro mahai gainean jartzen ari garen aldarrikapenekin bat egin eta kalera irten diren pertsonak.

Egungo hezkuntza publikoaren egoerari buelta eman eta gure hezkuntza sistema garatzeko hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu. Onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea. Ikasle ratioak murriztea. Soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan… ezarritako murrizketak alde batera uztea. Gaur familiek aldarrikatu dituzten ikasmaterial, garraio edota jangeletarako laguntzak handitzea. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea. LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea. Eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea.

Hezkuntza komunitatea osatzen dugun milaka pertsonek argi adierazi diogu gaur Eusko Jaurlaritzari hankak lurrean ditugula eta gure aldarrikapenak erabat errealistak izateak gain erabateko zilegitasun eta babesa dutela. Egoera honi heldu eta irtenbidea ematea lehentasun kontua eta erabaki politikoa da. Horregatik langile, ikasle, familia eta herritarron aldarrikapenak aintzakotzat hartu, hezkuntza lehentasun bihurtu eta bide honetan pausoak ematen hastea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

Aldarrikapen hauei guztiei jarraipena emanez datorren asteartean, maiatzaren 23an, beste greba eta mobilizazio egun bat burutuko dugu. Eta gobernuak egoera honi irtenbiderik ematen ez dion heinean greba eta mobilizazio dinamikarekin jarraitzea beste biderik ez digu utziko. Gure jendartearen oraina eta etorkizuna jokoan ditugula ulertzen baitugu.

 

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude