Berriro ere oso jarraipen zabala izan du unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan gaurko deituriko grebak

Martxoaren 22 eta maiatzaren 16 eta 20ko greba eta mobilizazioei jarraipena emanez, gaur ere milaka langilek egin dute bat greba deialdiarekin eta kalera irten dira murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatzera.

Aurreko greba deialdietan bezala, ia 28.000 langile unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta 1.200dik gora langile Haurreskolak Partzuergoan deiturik zeuden gaurkoan grebara.

Aurreko deialdien pare, grebak oso jarraipen zabala izan du lurralde eta eskualde guztietan eta grebara deituriko kolektibo ezberdinetan. Martxoaren 22 eta maiatzaren 16 eta 20ko greba eta mobilizazioei jarraipena emanez, langileen erabateko gehiengoak bat egin du deialdian jasoriko eskaera eta aldarrikapenekin.

Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu. Onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea. Gelako ikasle kopurua murriztea. Soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan… ezarritako murrizketak alde batera uztea. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea. LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea. Eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea.

Hezkuntza Sailburuak eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak diotenaren kontrako bidean, milaka langile, ikasle, familiek bere egiten dituzten aldarrikapenek hezkuntza sistemaren diagnostiko larri bati erantzuten die eta premia larrienei irtenbideak eskaintzen dizkiete. Beraz, LAB, ELA eta steilas sindikatuok, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, orain arteko jarrera alde batera utzi eta egoera honi irtenbidea emango dien proposamen zehatzak mahai gainean jar ditzala grebara deiturik dauden kolektibo ezberdinetan.
Euskal Herrian, 2017ko maiatzaren 23an