Iritzi Artikulua: Nafarroan prestakuntza pedagogikoa bigarren hezkuntzaren aferan: Negoziazioa orain!

PRESTAKUNTZA PEDAGOGIKOA BIGARREN HEZKUNTZAN: NEGOZIAZIOA ORAIN!

Hezkuntza Sailak erabaki du kontratazio zerrendetatik kanpo uztea Bigarren Hezkuntzako Masterra edo LHko irakasle teknikoentzako gaikuntza pedagogikoa akreditatzen ez duten pertsonak. Sindikatuak erabaki horren kontra daude, eta harrigarria izen liteke hori hezkuntza mundua barrutik ezagutzen ez dutenentzat. Oposizioetara aurkezteko, beharrezkoa izan da beti prestakuntza pedagogikoa akreditatzea, IGIren bidez (irakaskuntzarako gaitasun ikastaroa), baita maisutza edo pedagogia titulua ere, edo aurretik irakaskuntzan aritu izana erakustea. 2006ko Hezkuntza Lege Organikoak (LOE) iragarri zuen titulazio espezifiko bat ezarriko zela betekizun horien ordez. Titulu berria –masterra– 2009an ezarri bazen ere, indarrean jarraitu zuten aurretik lortutako titulazioek edo betekizunek.

Urte horretatik aurrera egin diren oposizioetan, masterra edo titulu baliokidea eskatu bada ere, ez da bete beharreko baldintza izan kontratazio zerrendetan egoteko. Orain, inolako abisurik gabe, epeak negoziatu gabe eta alternatibarik bilatu gabe, alde bakarreko erabakiz, Sailak ebatzi du ekainetik aurrera ezinbesteko baldintza izango dela masterra edukitzea kontratazio zerrendetan egoteko. Gure inguruko erkidegoetan beste erabaki batzuk hartu dituzte: baldintza hori betetzen ez dituztenak kontratazio zerrendetan mantentzea eta zerrendetan sartu nahi dutenei eskatzea, edo bi edo hiru urteko epea ematea titulua akreditatzeko.

Hasiera batean, egokia iruditzen zaigu prestakuntza pedagogiko espezifiko bat eskatzea Bigarren Hezkuntzan irakasteko, baldin eta master hauetako programek gaitasun egokia ematen badute. Dena dela, horrela al da hori? Bolognako planaren bidez, graduak ezarri ziren lizentziaturen eta diplomaturen ordez. Beldur ginen ez ote zen unibertsitate sistemaren zati handi bat pribatizatzen hasiko, eta horixe gertatu da, hain zuzen ere. Bigarren Hezkuntzako Masterraren kasuan, unibertsitate publikoek –matrikulagatik 2.000 euro inguru kobratzen dute– oso plaza gutxi eskaintzen dituzte, eta espezialitate batzuetakoak bakarrik, gehien eskatzen direnak. Ondorioz, pertsona asko, nahikoa baliabide ekonomiko dituztenak edo masterrera zuzenean sartzeko titulurik ez dutenak, unibertsitate pribatuetan matrikulatzen dira, on-line ikastaroak eskaini eta era guztietako erraztasunak ematen dituztenak. Hori bai, prezio astronomikoak kobratuta. Unibertsitate hauek guztiz debaluatu dute hezkuntza eskaintza, eta etekin handiko negozio biribila aurkitu dute, gobernuaren laguntzaz. Unibertsitate horietako bat UNIR da, non Jose Iribas diharduen, hezkuntza kontseilari ohia, hedapen zuzendari lanetan. Kargua utzi aurretik, hitzarmen bat izenpetu zuen unibertsitate horrekin, ikasleek aukera izan dezaten praktikak egiteko Nafarroako ikastetxe publiko eta pribatuetan.

Bestetik, aipatzekoa da ere gradurik egin ez duten LHko irakasle teknikoen kasua, ezin baitute masterra egin. Irakasle hauentzat, gaikuntza pedagogikoko ikastaro berezi bat ezarri da, lagunartean “no master” deitzen duguna eta Nafarroan eskaintzen ez dena.

Legeak hala agintzen duela… aitzakia hori erabili du egungo kontseilariak ebazpenaren edukia bere horretan mantentzeko, titulua aurkezteko epea handitu bada ere. Arautegia interpretagarria da, baina, horrez gainera, bidegabea ere bada. Masterra lortzeko nahikoa plaza publikorik eskaintzen ez bada, diskriminazioan sakontzen jarraituko dute agintariek, eta aukera berdintasuna urratzen. STEILASko kideok ez dugu onartzen egintza bururatuen logika hau. Behin eta berriro, masterrari buruz gobernuak dituen asmoen inguruan galdetu dugu, baita irtenbide posibleak proposatu ere. Gobernuaren ebazpenaren berri izan genuenean, premiaz eskatu genuen negoziazio mahai bat osatzea, eta ez dugu erantzunik jaso. Irakasleen batzarreko gainerako sindikatuekin batera, joan den asteazkenean berriro eskatu genuen gauza bera, eta ez digute erantzun. Baditugu proposamenak, eta horiek aztertzeko dagokigun negoziazio mahaia exijitzen dugu, irtenbideak bilatzeko, mesedegarria izango baita bai irakasleentzat bat administrazioaren gestio egokiarentzat. Agintekeriazko jokamoldeak amaitzea exijitzen dugu. Ez dugu nahi eta ezin dugu onartu aldaketaren gobernuak bere irizpideak alde bakarreko erabakiz inposatzea eta sindikatuei kasu zipitzik egin gabe jarraitzea.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude