Prentsaurrea ELA, LAB eta STEILAS: EAE-ko Hezkuntza Publikoan Negoziazioa orain

Lan-baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki!

Azken hilabeteetan EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan buruturiko greba eta mobilizazioek babes oso zabala jaso dute. Erabateko gehiengoa izan dira deialdiekin bat egin, greba egin eta kalera irten diren langileak, bai irakasleen artean baita Heziketa Bereziko Langile, Sukaldari eta Garbitzaile nahiz Haurreskolak Partzuergoko langileen artean ere. Behin eta berriro esan dugun moduan, egungo hezkuntza publikoaren egoera larria da eta ezinbestekotzat jotzen ditugu egoerari buelta emateko plazaratu ditugun neurriak. Hezkuntza Sailari dagokio langileek, familiekin batera, kalean aldarrikatutako aldarrikapenei bide ematea, greba dinamiketan bat egin duten esparru ezberdin guzti horietako Mahai Negoziatzaileak deituta.

Afera ordea ez da Mahai Negoziatzaileak soilik deitzea, baizik eta, behar bezalako proposamenak egin eta benetako negoziazio bat abiaraztea, gaur arte ez bezala. Mahai Negoziatzailean egon beharreko aldarrikapenak honakoak dira:

  • Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).
  • Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.
  • Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
  • Ikasle-ratioak %10 murriztea.
  • Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.
  • Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
  • Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
  • Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
  • LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
  • Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
  • Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Milaka langile eta herritarrek eginiko oinarrizko aldarrikapen hauen aurrean, jada ikasturtearen amaieran gauden honetan, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko.

Egoera honetan, ekainean zehar eta irailetik aurrera greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez dugula uste dugu.

Ekainean zehar ikastetxeetan eta hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratze eta mobilizazioak burutuko ditugu. Ekainaren 29an Gasteizko Ama Zuriaren plazan hezkuntza publikoaren egoera eta beharren inguruko word-kafea irekia antolatuko dugu.

Ikasturte hasierarekin, ostiralero ikastetxeetan elkarretaratzeak bultzatuko ditugu, ekimen askotariko dinamikak burutuko ditugu ikastetxeetan zein hauetatik kanpo: eskolak kalean emanez, murrizketen eragin eta ondorioak landuz eta ekintza alternatiboak burutuz guraso eta ikasleekin batera. Urria osoan zehar itxialdiak burutuko ditugu ikastetxe ezberdinetan hitzaldi, antzezlan, kontzertu eta gure aldarrikapenak landu eta sozializatzeko ekimen ezberdinak garatuz. Eta azaroan eta abenduan bi greba egun burutuko ditugu irakasle, heziketa berezia, sukalde eta garbiketa eta haurreskoletan.

Familia eta herritarrekin lanketa berezia egingo dugu eta azaroan elkarrekin mobilizazio gehigarriren bat antolatzen saiatuko gara Gasteiz, Bilbo eta Donostian.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetzeko eta gure hezkuntza sistemaren oinarrizko zeregina bermatzeko funtsezkoak diren behar hauei erantzun ezean, greba eta mobilizazio dinamikari jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.

ELA, LAB eta STEILAS

Euskal Herrian, 2017ko ekainaren 13an

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude