Prentsa oharra: HEZKUNTZAREN PRIBATIZAZIOAN URRATS BAT GEHIAGO

Irailaren 19an Josu Erkoreka Gervasio-k Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten (0-3 urte) eta titulartasun pribatukoak diren eskolei zuzendutako 24,6 milio euroko diru-laguntza berri baten berri eman zuen. Hezkuntza eskubideari dagokionez, EAJ-k burututako iruzur handienaren aurrean aurkitzen gara. Enpresa pribatuei dirua oparitzen ari dira, hezkuntza zentro horietan ematen den hezkuntza-ekintzaren gain kontrol mekanismo bat ere ezarri gabe. Laguntza hau urtez urte ematen da, eta prozesu pribatizatzaile basati batera eramaten gaitu.

Zentro hauek, asko eta asko itundutako sarearen parte direnak (Kristau Eskola eta Ikastolen Elkartea), matrikulazio prozesu iruzurtiak burutzen dituzte beraien erlijiokoak ez diren edo gustokoak ez dituzten gizarte-mailako familia eta ikasleei ateak itxiz. Hau guztia hezkuntza sistema baztertzailea eraikitzeko oinarria besterik ez da, eta euskal jendartearen egunerokotasunean isla izaten bukatzen du.

Bitartean, Eusko Jaurlaritzaren titulartasunekoa den Haurreskolak Partzuergoko eskoletan, familiek sare pribatu-itundutako eskoletan baino garestiagoak diren kuotei egin behar diete aurre kasu askotan. Honek, azken urteetan, Haurreskolak Partzuergoan matrikulazioak % 20 inguruko jaitsiera izatea eragin du, 1.300 haur gutxiago izan eta 132 langile gutxiagoko plantila bat osatu arte. Sare pribatuak jasotzen dituen diru-laguntza horiekin azken urteetako murrizketak atzean utzi eta helburu nagusia izan beharko litzatekeena lortzeko bidean aurrera egin ahalko genuke: hezkuntza publikoa eta doakoa izateko eskubidea lortzea hasiera-hasieratik.

EAJ-k bultzatzen duen hezkuntza ereduak eskola pribatu-itundua lehenesten du, eta gizarte-kohesiorako larriak diren ondorioak dakartza. Honengatik guztiagatik, STEILAS-ek hezkuntza komunitateari eta gizarteari orokorrean dei egiten die hurrengo hilabeteetan antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzera. Aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza eskubidea defendatu beharra dugu hezkuntza publikoak behin eta berriz jasaten dituen erasoen aurrean, Haurreskolak Partzuergoko etorkizuna ere kolokan baitago.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude