STEILAS ETA ELA SINDIKATUEN KOMUNIKATUA, APIRILAREN 12KO 1081/2017 EBAZPENAREN ONDORIOEI BURUZKOA. AIPATU EBAZPENA DELA MEDIO, 2.500 IRAKASLE BAINO GEHIAGO KANPORATU ZITUZTEN KONTRATAZIO ZERRENDETATIK.

1081/2017 ebazpenaren bidez, 2.500 pertsona baino gehiago bota zituen Giza Baliabideetako zuzendariak kontratazio zerrendetatik Bigarren Hezkuntzako masterra edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzako prestakuntza (ez masterra) ez izateagatik. Neurri honen ondorioak mozorrotzen saiatu ziren datu faltsuen bidez (aipatu zen 11 pertsonek bakarrik zutela kontratua indarrean, egiazki 150 bat zirenean eta askoz gehiago ikasturtean eduki zutenak). Neurri horrek irakasleei eragin die (maiz lortezina den betekizuna eskatu zaie, ez baitago dagokion arloko prestakuntza eskaintzarik, edo horretan jarduteko mugak daudelako titulazioaren arabera) baita Hezkuntza Departamentuari ere, ezin baitio eutsi bere prestakuntza eskaintzari.

Daturik ez dute berretsi, nahiz Giza Baliabideetako zuzendariak irailaren 8ko Mahai Sektorialean haien berri emanen zuela agindu. Dena dela, gure datuen arabera, lanpostu asko bete gabe daude, nekazaritza-basozaintzakoez gainera. Horietako hautaprobak lehengo astean egin ziren. Gainera, zerrenda askotan ez dago irakaslerik ikasturtean sor litezkeen ordezkapenetarako.

Maiatzean aurkeztu genizkion kontseilariari gure proposamenak; Parlamentura ere eraman genituen, eta talde gehienen babesa eskuratu genuen. Hona helburua: eragindako irakasleak zerrendetan izatea “prest ez daudenak” bezala, eskatzen zaien titulua lortu arte. Gisa horretan, behin-behinekoz, Departamentuaren beharrak aseko ziren, irakasle masterdunik ez zegoen bitartean.

Hezkuntza Departamentuak ez zien men egin Parlamentuaren xedapenei, ezta Arartekoarenei ere, zeinak antzeko aholkuak eman baitzituen. Orobat, proposatu genuen master eskaintzak berehala handitzea NUPen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzako prestakuntza pedagogikoa (ez masterra) eskaintzea.

Gaur egun, egoera argilunez beterik dago: ikastetxe askotan ez dute irakasle aski prestakuntza eskaintza osatzeko, eta prestakuntza ongi bai ongi erakutsi duen irakasle ugari lanik gabe dago. Beti proposatu ditugu aterabideak, eta oraingo atakarako ere baditugu.

Hilabete bat iragan da, eta Departamentuak ez du Ebazpenarekin egin zuen akats negargarria zuzendu. Departamentuak onartu behar du jendaurrean, ezin dituela bete lanpostu guztiak irakasle masterdunekin; prozedura bat zabaldu behar du lanpostu hutsak eta ikasturtean sor litezkeen ordezkapenak betetzeko izangaiei masterrik eskatu gabe eta haiek esperientziaren eta beste merezimenduen arabera ordenatuz.

Bigarrenik, eskatzen dugu zerrendak muga gabe zabalik egotea masterra bukatzen dutenentzat zerrendetan sartzeko eta ikasturtearen bukaeran zerrenda guztiak berriz osoki birbarematzea, pertsona hauek berreskura dezaten aurrekoan zuten antzeko posizio bat.

Azkenik, galdatzen dugu Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzako prestakuntza (ez masterra) NUPen eskaintzea eta modu taldekatuan eskari guztiak onartzea.

Helburu hauek lortzeko, irakasleei,ikasleei eta familiei dei egiten diegu hurrengo urriaren 2an, astelehenean, 18:00etan berriz ere kontzentratzeko Hezkuntza Departamentuaren aurrean.

STEILASko eta ELAko ordezkariek eskaera hau aurkezten diogu erregistroan kontseilariari, aipatu neurriak berehala ezar ditzan.

komunikatua PDFan

dav