Uriarteri eta Larrañagari Haurreskolak Partzuergoko aldarrikapenak luzatu genizkion

:: Kategoriak: Berriak, EAE, Haurreskola, hezkuntza :: Etiketak: ,

2017-10-26 STEILAS ELA IDATZIA

Haurreskolak Partzuergoan oinarrizko gaien inguruko negoziazio orain!
Haurreskolak Partzuergoko matrikulazioa behera doa, lanpostu kopuru
izugarria suntsitu da, behin-behinekotasuna itzela da, lan-kargak etengabe
gora doaz, eroste ahalmenean galera geroz eta gehiago metatzen dugu,
familientzat matrikulazio kostuak izugarriak dira, eskola pribatuen
konpetentzia pairatu behar dugu… Egoera honi irtenbidea emango dion
benetako negoziazioa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta Haurreskolak
Partzuergoaren Zuzendaritzari. Bitartean, borroka beste biderik ez zaigu
geratzen.
Astelehenean, hilak 23, Cristina Uriartek (Hezkuntza Sailburuak) eta Maite
Larrañagak (Haurreskolak Partzuergoko gerenteak), Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin
zuten iazko ekainean zerrendaren irekierarekin inguruan sortutako iskanbilaren inguruan
azalpenak emateko.
Dakizuen bezala, STEILAS eta ELA sindikatuok elkarretaratzea burutu genuen
Haurreskoletan egiten ari diren kudeaketa negargarria salatzeko eta azken urteetan 0-2
urte bitarteko funtsezko hezkuntza esparru honetan ezartzen ari diren murrizketak salatu
eta egoerari buelta emango dion oinarrizko gaien inguruko negoziazioari berehala ekin
diezaiotela exijitzeko.
Haurreskolak Partzuergoan 1.300 haur gutxiago matrikulatu dira 2012. urtetik.
Familia askok beraien haurrak gurekin matrikulatu nahi baina ezin dute egin
matrikulazioaren kostu handia dela eta, ezinezko egiten baitzaie. Zentro pribatuen
konpetentzia desleialak ere izugarrizko eragina du Haurreskolak Partzuergoko
matrikulazio beherakadan. Horren guztiaren ondorioz, 130 lanpostutik gora galdu dira.
Ez dago hezitzaile/gela ratio objektibo eta nahikorik, eta hezitzaile gehienentzat lan
karga onartezinak sortzen dira. Haurreskola txiki gehienetan hezitzaile bakar bat egon ohi
da. Ondorioz, heziketa lanari modu egokian heltzeko beharrezkoa den plantilaren azpitik
ari gara lanean.
Behin-behinekotasuna % 41ekoa da. Administrazioko langile guztiak behin-
behinekoak dira, funtzioak definitu gabe eta lan-karga izugarriak dituzte.
Eta egoera honetan, gainera, Zuzendaritzak lanpostuak amortizatu eta langileak
desplazatzeko aldebakarreko aukera erabiltzen ari da.
Hau guztiari 2010etik sufritzen ari garen ia % 10eko eroste ahalmenaren galera
gehitu behar zaio (15.000 eurotik gorakoa langile bakoitzeko).

Administrazioak kostu ekonomikoa duen edozein planteamendu egiteko dituen
aurrekontu mugak behin eta berriro azpimarratzen ditu. Ez du esaten, ordea, muga horiek
gobernua sostengatzen duten EAJ, PSE-EE eta PPk jarriak direla, edota alderdi politiko
horiek beraiek 2009arekiko 162 milioi euroko murrizketa egin dutela hezkuntza
aurrekontuan, bankuekiko duten zorra ordaintzera 953 milioi gehiago bideratu
dituztenean edo AHTra 279 milioi gehiago.
Egoera honen aurrean, iazko ikasturtean eta oraingoan, Hezkuntza Publiko osoan,
Haurreskolak Partzuergoa barne, mobilizazio indartsuak burutzen ari gara egoera larri
honi buelta eman asmoz. Baina Partzuergoko Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute
benetako negoziazio borondaterik agertu, ezta gure aldarrikapen nagusi hauen inguruan
inolako proposamen zehatzik egin ere.
Jaurlaritza eta Haurreskoletako Zuzendaritzari eskatzen diogu plantilak handitzeko,
langileen egonkortasuna bermatzeko, ratio egokiak ezartzeko edota doakotasuna
ahalbidetzeko neurriak mahai gainean jarri eta benetako negoziazio prozesu bat abian jar
ditzala. Horrela ez bada, mobilizatzen jarraitzea beste biderik ez digu utziko.
Azkenik, STEILAS eta ELAri tamalgarria iruditzen zaigu, Legebiltzarreko agerraldi
hau zela-eta, LABi hiru sindikatuon elkarretaratzea proposatu eta LABek proposamen honi
uko eginez bakarrik kontzentratzeko hautua egin izana. Elkarlanerako eta
administrazioaren zein langilegoaren aurrean indar erakustaldia egiteko aukera ezin hobea
genuen eta beste aukera bat galtzea besterik ez genuen lortu. Modu berean larritasunez bizi
dugu, hiru sindikatuok adosturiko irizpideen baitan, aurrez aipaturiko oinarrizko gai
hauen inguruan Partzuergoaren aldetik inolako eduki eta proposamenik izan gabe, LAB
administrazioarekin bileretan parte hartzen jarraitzea. Modu honetan, greba eta
mobilizazio dinamika bete-betean gaudela, Eusko Jaurlaritza eta
Haurreskolak Partzuergoari negoziatzen ari direnaren itxurak egiteko aukera
emanez eta oinarrizko gai hauen inguruko eduki eta proposamen zehatzak
mahai gaineratzera ez behartuz.
Lerro hauen bitartez elkarlanerako eta ekintza sindikal bateratu
baterako deia egiten dugu, berriro ere, STEILAS eta ELA sindikatuok.
Euskal Herrian, 2017ko urriaren 26an.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude