EAEko Heziketa Bereziko langileen %75etik gora bat egin du greba deialdiarekin

Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunei jarraituz, oso jarraipen zabala izan du Heziketa Bereziko hezitzaileen grebak. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du gaurko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 1.000 langile ingurutik %75 baino gehiagok egin du greba. Ehunka pertsonak hartu du parte Lakuan Eusko Jaurlaritza aurrean egin diren mobilizazioetan.

Grebarekin bat eginez ehunka lagun (Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, Fisioterapeutak, Zeinu Hizkuntza Interpreteak, Terapeuta Okupazionalak, Langile Sozialak eta Transkriptoreak) irten da kalera Hezkuntza Publikoko Heziketa Berezian egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

Hauek dira, lan-baldintza hobetu eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei ere hezkuntza on bat bermatzeko, azken urteetan behin eta berriro mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak:

2003 geroztik berritu gabe dagoen hitzarmena negoziatu eta berritu.

Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko Hezkuntza Sailak gogortu dituen irizpideak zabaldu eta, honen baitan, behar berezia duten ikasleen eta beharren mailaren araberako plantilla handitzea. Lan-kargak arindu heziketa lana modu egokian garatu ahal izateko.

– Hezkuntza Laguntzako Espezialisten asteko jarduna murriztu, mugatu eta zehaztu.

– Lanaldi partzialak mugatu eta posible diren guztiak lanaldi oso bihurtu.

– Egun Lanpostu Zerrendatik kanpo daude egiturazko 400 postutik gora. Beraz Lanpostu Zerrendak benetako beharretara egokitu behar dira eta handitu.

– Behin-behinekotasuna %6ra jaitsi, horretarako 400 lanpostutik gora egonkortuz.

– Murrizturiko soldata eta %12tik gorako eros-ahalmen galera berreskuratu.

– Hezitzaileon soldatak egiten den heziketa lanaren baitan nabarmen hobetu.

– 165 egunetik gora lan egiten dugun ordezkoentzat uda kobratzeko eta puntuatzeko eskubidea bermatu.

– Bajak bere osotasunean ordaindu, gaixotzen garen langileok zigortzeari utziz.

– Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez dute ez Heziketa Berezian ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.

Hezkuntza Sailari Heziketa Bereziko hezitzaileon egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diogu. Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digute utziko.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude