SINDIKATU GUZTIEN OHAR BATERATUA

Gaur asteazkena, hilak 29, 36. Hitzarmen Mahaian bilduta, patronalek erantzuna eman diote orain dela zenbait aste aurkeztu genien gure plataforma bateratuari.

Berriro ere ikusi dugu patronalak ez duela inongo borondaterik negoziatzeko, uda aurretik aurkeztu zigun proposamena behin eta berriro plazaratuz apenas aldaketarik gabe. Izan ere, erantsitako gauzek ez dute aurrerapauso onargarririk suposatzen eta kasuren baten, proposamen okerragoak egin ditu, lanaldia 25 ikastordura igotzea proposatu du zenbait kasutan, adibidez.

Hitzarmen berria 2010eko maiatzean berritzen hasi ginen; 35 Mahai baino gehiago burutu ditugu; hau guztia dela eta, ozen esan ahal dugu aurrera pausirik ez dugula eman patronalak behin eta berriro aurkezten duen proposamena oso eskasa delako.

Hau ikusita, sindikatu guztiek Mahaia apurtzat jo dugu. Berriro ez gara bilduko markatu ditugun oinarrizko puntuetan proposamen mamitsurik jaso bitartean. Aldarrikapen horiek honako hauek dira:

– Irakasleen lanaldia: ordu osagarrien banaketa.

– Heziketa Bereziko Hezitzaileen baldintzen hobekuntza.

– Haur Hezkuntza I. zikloko langileen baldintzen hobekuntza.

– Soldata igoera, eroste ahalmenaren berreskurapena ahalbidetuko duena.

– Birkokapen akordioa.

Datorren asteartean, abenduak 5, prentsaurreko bat burutuko dugu eta bertan balorazio zabalagoa egingo dugu.

Era berean, abenduaren 13an delegatuen kontzentrazioa deituko dugu Bilbon goizeko 12,00tan eta abenduaren 19an hiriburu guztietan langileen kontzentrazioak egingo ditugu, honako lelopean: “Benetako Negoziazioaren Alde!”

– Gasteiz: Santa María / Marianistas Ikastetxea, 17:30ean

– Donostia: KEko egoitzan, 17:30ean

– Bilbo: Indautxu Plazan, 17:30ean

Adi egon, hurrengo egunotan mobilizazio eta kontzentrazioen berri emango dizuegulako.

Hitzarmen berria lortzeko, aurrera pausu bat emateko unea heldu zaigu. Langileok horren motorea izan behar dugu ezinbestean. 

#GizarteEkimenaBorrokan

Sindikatuen ohar bateratua