FEMINISTOK GERRAREN AURKA!

Feministok historian zehar, ukatu zaizkigun eskubideen alde borrokatu egin gara, horien adibide dira gure arbaso diren sufragistak. Baina ez hori bakarrik, gerrateen kontra azaldu gara ere, haien suntsipen eta heriotzaren aurrean, bizitza aldarrikatuz. Serbia, Palestina, Israel eta Balkanetako Beltzezko emakumeak, Bakearen ibilbidea Kolonbian edota Euskal Herriko Foro Soziala bezalako adibideek, beste askoren artean, gatazka garaietan emakumeak hartutako posizionamendu ausartez hitz egiten digute, halaber, bakearen bidea eraikitzeko momentuetan feminismoaren presentziaren premiaz.
Bilboko portua hartzen dugu aldarrikatzeko leku, gurea den historia berreskuratzeko xedez. Horrela, Greenham Common-eko emakumeak oroimen kolektibora ekarri nahi ditugu, 1981ean hamar urtez kanpamendu antimilitaristan erresistitu zutenak, herri horretan kokaturik zegoen NATO basean gurutzaldi-misilak baimentzearen aldeko gobernu Britaniarraren erabakiaren kontra protestatzen. Basearen lehen blokeoa 1982ko maiatzean antolatu zen, 250 emakumeren artean, urte hartako abenduan, 30.000 emakume azaldu ziren eta 1983ko apirilaren 1ean 70.000 pertsona inguruk, kate erraldoia sortu zuten 23 kilometrotara zegoen arma fabrika batera iritsiz.
Gerra hondamendia da, feminismotik aldarrikatzen dugun bizitza jasangarri baten kontrako adierazpena. Gainera, gerran heteropatriarkatua infinituraino era esponentzialean biderkatzen da, gure gorputzak bataila-eremu eta guda-harrapakinetan bihurtuz. Emakumeenganako indarkeria basatia, etsaiaren suntsipena lortzeko estrategiaren parte bilakatzen da.
Ematen den giza-eskubideen bortxaketaz gain, ez dirudi basakeria honen erantzuleei deus ere axola zaienik. Gure herrian armak ekoiztu eta esportatzen direla badakigu, eta arma horien helmugak, industria militarrak behin eta berriz elikatzen dituen gatazkak dira, hainbeste mozkin ekartzen dizkion negozioa mantentzeko helburuarekin.
Zehazki hemen, Santurtziko portu honetan, non milaka umek guda zibiletik ihesi, urrunera alde egin behar izan zuten, memoriaren ezeztapena eta politika migratzaileen humanitate falta salatu nahi ditugu: europar, espainiar zein euskaldunak. Hauek guztiak, transitoan dauden pertsona oro zapaltzen dute, etorkin eta errefuxiatuei haien oinarrizko eskubideak ukatzeaz gain, kriminalizatuz.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxa hau antolatzen du, hurrengoa salatuz:
• Portu honen erabilera, hilabetez hilabete, Arabia Saudi helmugatzat duen milaka arma toneladako garraiobidea ahalbidetzeko. Non haren sistema diktatorialak, bertako herritarren eskubideak jazartzeko erabiltzeaz gain (bereziki emakumeak), Yemen bezalako gerra zibila elikatzeko ere erabiltzen dituen.
• Bilboko Portuko harresiaren eraikuntza, pertsonen igarotze askea galarazten duena, eta Europar Batasunean jada dauden mugak areagotzen dituena. Muga hauek, gizakien suntsitze eta guda-imajinario bihurtu dira eta gainera, segurtasunaren negozioaren parte dira.
• Armen industriaren presentzia gure lurraldean, non SENER, ITP, SAPA eta ERLE ROBOTICS bezalako enpresek, milaka pertsonen heriotzaren eragile den armamentuaren ekoizpenean euren teknologia jartzen duten.
• Emakumeen ikusezintasuna eta biktima papera, gatazka testuinguruetan beti baztertuak izaten garelarik.
Eusko Jaurlaritzak eta Portu Agintaritzak portuko merkantziak babestera bideratzen dituzten neurri guztiak, politika publikoen garapenera, indarkeria matxistari aurre egitera edo derrigorrezko desplazamenduak jasan duten pertsonen harrerara bideratzea gustatuko litzaiguke. Proposamen ororen erdigunean, baita ekonomikoetan ere, giza eskubideak jartzen dituen herria nahi dugu.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude