Jaurlaritzak hezkuntza publikoaren beharrei erantzuten ez dien heinean, martxoan beste bi greba egun eta apiriletik aurrera astebeteko greba egingo dugu sektoreka

EAJk, PPek eta PSEek murrizketa politika gogorrak inposatu dituzte zerbitzu publikoetan azken  hamarkadan, baita hezkuntza publikoan ere.  Negoziazio kolektiborako eskubidea ere  nabarmen urratu da. Ondorio zuzenenak  plantillak murriztea, lan-kargak handitzea, hezkuntzako langileon prekarizazioa,  ikastetxeetarako baliabide eskasia, azpiegituren kaskartzea eta zerbitzuen publikoen okertze eta  pribatizazioa izan dira.

Inposatu nahi zaigun hezkuntza eredu neoliberalen abiapuntua dira ikastetxe publikoetan ematen ari diren murrizketa politikak. Ikastetxetako egoera larria da, jasan ezina kasu askotan. Sortu duten krisiaren ondorioz milaka familia baztertze egoeran geratu dira. Honetaz gain, jatorri eta kultura ezberdinetako familia asko etorri dira Euskal Herrira eta gure ikastetxe  publikoetara. Aniztasuna altxor bat da. Baina hezkuntza Sailaren kudeaketa interesatu baten  ondorioz, egoera oso konplexuak bizitzera eraman gaitu eskola askotan, gehiegitan.  Horregatik,  segregazio egoerak gainditu eta denona eta denontzat izango diren ikastetxeak  bultzatu behar ditugu, beharrezko diren giza baliabidez hornituak eta azpiegitura duinekin.  Eskola komunitate osoaren ardura da, langile zein familiena.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuontzat hezkuntzako langileon lan baldintzak eta berdintasunean  eta kalitatean oinarrituriko hezkuntza publikoa txanpon beraren aldeak dira. Horregatik  eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketa eta  hezkuntza politika errotik aldatzea, honek guztiak hezkuntza publikoan eta haurreskoletan  sortu duen egoerari buelta ematea eta hezkuntza publikoari ezinbestekoa duen inbertsioa eta  baliabideak eskaintzea.

MOBILIZAZIO EGUTEGI PROPOSAMENA

Euskal Herriko Eskubid e Sozialen Kartan jasotakoaren ildotik:
Pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko  eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena generoaren ikuspuntutik  (hezkidetza), ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena, hezkuntzaren  etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezkoak ez direnetan. Hezkuntza sistema  propioa izango da eta euskal curriculum deritzana garatuko du.

Bide honetan gure aldarrikapen eta proposamenak argiak eta zehatzak izan dira:

  • • Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoan egiten duen inbertsioa nabarmen handitzea. EAEko  hezkuntza inbertsio publikoa egungo BPGren %3,5etik gutxienez Europar Batasuneko bataz- bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
    • Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar  izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu kolektibo ezberdinetan.
    • Egun izugarria den behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58  Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan) %6ra murriztu, urteetan behin-behinean  egon diren langileak egonkortuz.
    • Ikasle-ratioak %10 murriztea.
    • Hezkuntza Behar Berezietarako irizpideak zabaldu eta baliabideak handitu.
    • Haurreskolen doakotasuna.
    • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.
    • Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea sektore eta kidego guztietan.
    • Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
    • Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
    • LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
    • Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio  soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
    • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
    • Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea  eta iritzia aintzakotzat hartzea. Euskal Herritarrok erabaki behar dugu gure hezkuntza sistema  gure errealitate eta beharren arabera eta horretarako hezkuntza burujabetza ezinbestekoa   dugu.

 

Negoziazio kolektiborako bideak erabat blokeatuta, egoera honi aurre egiteko sindikatuoi jaurlaritzak utzi digun bide bakarra mobilizazioarena izan da. Hezkuntza Publikoko irakasleek,  Heziketa Bereziko eta Haurreskoletako langile eta hezitzaileek, Sukaldari eta Garbitzaileek  erantzun ikaragarria eman diote gobernuari bai iazko ikasturtean baita aurtengoan deitu  ditugun greba eta mobilizazioetan ere.

Sektore ezberdinetan 5 greba egun burutu ondoren, ikasturte honetan, irailean eta abenduan  buruturiko negoziazio mahaietan, jaurlaritzak orain arteko bere jarrera inmobilista aldatu du,  baina gure aldarrikapenetako batzuei besterik ez die erantzun eta oso modu partzialean.  Ondorioz, oraindik oso urrun daude, egungo egoera larriari buelta eman eta hezkuntza  publikoaren oinarrizko beharrei erantzuteko azken hilabete luzeetan plazaratu ditugun  aldarrikapen eta eskaeretatik.

Hau honela, STEILAS, ELA eta LAB sindikatuon ustez, Eusko Jaurlaritza hezkuntza publikoak  dituen premiei erantzuteko neurriak hartzera behartzeko mobilizazioarekin jarraitzea beste  biderik ez dugu.

Hurrengo asteetan Hezkuntza Sailak deitzeko asmoa duen negoziazio mahaietan gure aldarrikapen hauei erantzuten ez dien heinean, martxoan beste bi greba egun, apiriletik aurrera  astebeteko grebak sektoreka eta ekainaren 12an greba bateratua egingo dugu.

Euskal Herrian, 2018ko urtarrilaren 11ean

 

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude