Jaurlaritzaren arduragabekeriak 8 egunetako greba egutegia abian jarri beste biderik ez digu uzten

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuok gaurko bilera aurretik abenduko mahaietan jarritako edukiak gure aldarrikapenetatik oso urrun zeudela argi utzi genion arren, Jaurlaritzak entzun gor egin eta gaurko bilerara esku hutsik etorri da

Gaur burutu den irakaskuntza publikoko irakasleen negoziazio mahaian Jaurlaritzak ez du proposamen berririk ekarri.

Enpleguari dagokionez, aurreko mahaietan egindako proposamen berbera mantendu du. Alde batetik, sindikatuon aldarrikapena behin behinekotasuna %6ra jaisteko egonkortze prozesuak abian jartzea izan arren, behin behinekotasuna %30,5ean uztea planteatzen du. Bere erabakiz azken hamarkadetan behin behineko egoeran aritzera behartuak izan diren milaka langileren egoera egonkortzeko plan berezirik ere ez du aurreikusten. Are gehiago, bere hezkuntza eskumenei uko egin eta behin behinekoak egonkortzeko EPE eredu propio bat garatzea baztertu du, Madrilgo Gobernuak proposatu duen eta egonkortzea bermatzen ez duen EPE eredu bati babesa emanez.

Bestetik, eta plantillei dagokionez, hezkuntza publikoan, matrikulazio hazkunde, ratio igoera eta heziketa premia bereziei aurre egiteko behar baino 1.800 lanpostu gutxiago ditugun arren 60 lanpostu soilik sortzea proposatzen du Jaurlaritzak. Aurreko mahaietan proposaturiko tutoretza bikoitzaren planteamenduan ere ez du aurrerapauso nabaririk eman. Neurri honek oso ikastetxe eta gela gutxiri eragiten dio, plantilla handitze oso eskasa suposatzen du eta ez dio salaturiko egoerari benetako irtenbiderik ematen. Ondorioz, 2010 urtetik eman den lan kargen handitzea eta plantilla zein baliabide eskasia bere horretan mantenduko litzateke, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin.

Ordezkapenen inguruan ere, sindikatuon aldarrikapena maila eta kidego guztietan ordezkapenak lehenengo egunetik egitea izanik, aurreko proposamen berbera mantendu du, Lehen Hezkuntzan soilik egitea lehen egunetik ordezkapenak eta Bigarren hezkuntzan 3. egunetik.

Adinagatiko irakastorduen murrizketa gauzatzeko aukera berrezartzeko proposamen berretsi du, Lan hitzarmena puntu honetan betez, baina sindikatuon aldarrikapen den erretirorako pizgarrien berreskurapenean ez du inolako planteamendurik gauzatu.

Gaixotasun bajak zigortzeari uzteko edo irakasleek urte hauetan jasan duten %15eko eroste ahalmena berreskuratzeko inolako proposamenik ere ez du ekarri, irakasleek 2010 urtetik, 32.500 €-41.100 € bitarteko galera metatua pairatzen duten arren ; 2018 urtean Itzarri Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundera %0,5eko ekarpenak egiten hasiko dela jakinarazi du gaurko mahaian, baina hau ere 2011 urtean kontsolidatua zegoen %3ko ekarpenetik oso urrun dago eta azken 6 urteetan egin ez diren ekarpenen inguruan ez dago inolako planteamendurik.

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuon aburuz, milaka langileren eta familien babesa izan duten 5 greba egun ondoren eta mobilizazioak bultzatzen ari garen gehiengo sindikalak abenduko mahaietan egindako edukien inguruko balorazioaren jakitun izan arren, Jaurlaritza inolako proposamenik gabe etorri izana arduragabekeria politiko larria da.

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuon aburuz, Otsailak 14rako deitzera konprometitu den bileran aldaketa esanguratsurik egon ezean, aurreikusiriko mobilizazio eta greben bidea mantentzea beste biderik ez digu utziko.

Euskal Herrian 2018ko Urtarrilak 26an.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude