Haurreskolak Partzuergoa: STEILAS sindikatuak beti eskatu izan du Haurreskoletan egindako lanak Hezkuntza Ordezkaritzan zenbatzea

2017ko abenduaren 22an izan genuen azken Mahai Negoziatzailean, Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Funtzionamendu Zuzendaria den Olatz Garamendik Haurreskolak Partzuergoan egindako lanak Hezkuntza Ordezkaritzan puntuatzeko urratsak ematen ari zirela adierazi zigun (beharrezko titulazioa izanez eta Hezkuntza Publikoko planifikazio mahaietan onartuz gero).

Urte luzez aritu da STEILAS neurri hau aldarrikatzen eta, lortzen bada, lan hori guztiaren eta azken mobilizazioen fruituaren baturaren ondorioz izango da.

Hau da STEILAS sindikatuak egindako lanaren bilakaeraren laburpena:

  • Haurreskolak Partzuergoa 2003. urtean eratu zen. STEILAS sindikatuak beti eskatu izan du Haurreskoletan egindako lanak Hezkuntza Ordezkaritzan zenbatzea, ordezkaritza izan zuen momentutik. Hasieran, gai hau “Unibertsitatez Kanpoko Irakasle funtzionarioen Mahaian” jorratzekoa zela esaten ziguten. Beraz, 2004. urtetik 2017. urtera arte STEILAS sindikatuak Hezkuntzako Planifikazio Mahaia biltzen zen bakoitzean eskaria idatziz luzatzen zuen, nahiz eta erantzuna beti ezezkoa izan.

  • 2011. urtean STEILAS sindikatuak Arartekora jo zuen Haurreskolak Partzuergoan egindako lanak behingoz Hezkuntza Ordezkaritzan puntuatzeko aukera behin-betiko kontuan hartzeko helburuarekin. Arartekoak arrazoia eman zigun eta horrela puntuatzea eskatu zion Hezkuntzari; baina Hezkuntza Ordezkaritzak ez-entzunarena egin zuen:

  • Arartekoaren informea eskuetan genuela, berriro ere, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailean eta Hezkuntzako Planifikazio Mahaietan Haurreskolak Partzuergoko lanak Hezkuntzan zenbatzea eskatu genuen. Batzuen eta besteen erantzunak, hauek izan ziren: ez zela beraien konpetentzia eta ez zeudela meritatzeko prest, hurrenez hurren.

  • STEILASek, 2015. urtean, salaketa formala jarri zuen epaitegian afiliatu baten bitartez. Bertan, Haurreskolak Partzuergoko lan esperientzia Hezkuntzako birbaremazio prozesuan ez ziotela zenbatu salatzen zuen, irakasle titulua izanik. Salaketa honi dagokion sententzia 2016ko apirilaren 19an irten zen. Epaiketa partzialki galdu genuen, Auzitegi Gorenak arrazoi berdinagatik zentzu horretan aurretik argitaratutako beste sententzia bati egin behar izan baitzion erreferentzia. Hala ere, epaileak ez zuen sindikatua epaiketaren kostak ordaintzera zigortu, bere esanetan, ez zuelako bidezkoa ikusten langileen artean horrelako ezberdintasunak onartzea: Hezkuntza Ordezkaritzako lana Haurreskolak Partzuergoan zenbatzen den bitartean, alderantziz egin ahal ez izatea, alegia.

  • Epaiketa honen ondorioz, honakoa lortu genuen: hainbeste urtez eskatu eta gero, Haurreskolak Partzuergoaren izaera publikoa kontuan hartuta, bertan egindako lanak Hezkuntza Ordezkaritzan antzinatasuna zenbatzerako orduan eragina izango zuen. Antzinatasuna kontuan hartu ahal bada, zein da lanaren aitortza egiteko arazoa, orduan?

  • 2017ko mobilizazioen ondorioz, apirila amaieran, Haurreskolak Partzuergoan Eusko Jaurlaritzak zuen ordezkaria Mahai Negoziatzailera etorri zen bi urte luzez agertu barik egon eta gero (Jesús Fernández). Bere esanetan, gure lana ezinbestekoa da. Hori entzunda, lan hori Hezkuntza Ordezkaritzan behingoz kontuan hartzeko konpromiso zuzena eskatu genion. Horregatik borrokatuko zuela erantzun zigun, eta hurrengo Mahai Negoziatzailean erantzuteko konpromisoa hartu zuen.

  • 2017ko azaroan izandako Mahai Negoziatzailera Eusko Jaurlaritzako ordezkari berria etorri zen: Eugenio Jimenez. Aurrez Jesús Fernández-ek hartutako konpromisoak betetzea eskatu genion, Eusko Jaurlaritzako ordezkari moduan hartu baitzituen. Gai honen inguruko erantzun zehatza eskatu genuen berriz ere.

  • Horrela, 2017ko abenduaren 22ko Mahai Negoziatzailera heldu ginen. Bilera honetara Olatz Garamendi Hezkuntzako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea etorri zen. Haurreskolak Partzuergoko lana Hezkuntza Ordezkaritzan zenbatua izan dadin lanean ari direla aitortu zuen, baina gaia Hezkuntzako Mahai teknikoan jorratu behar zela azaldu zigun. Bide honetan aurrerapausoak eman nahi zituela aurreratu zigun, zehaztasun gehiago eman gabe.

  • STEILAS sindikatuak egindako azken eskaera 2018ko urtarrilaren 26an izan da. Egun honetan Irakasleen Mahai Negoziatzailea bildu zen Lakuan eta beste behin Hezkuntza Sailari eskaera helarazi genion. STEILAS sindikatuko ordezkarien harridurarako, bilera horretan egon zen Hezkuntza Saileko ordezkariak, Konrado Mugarzak, ez zekien zeri buruz ari ginen.

Beraz, ikusi duzuen bezala, ibilbide luzea eta oztopoz betea izaten ari da. Ez da azken urteko aldarrikapena, Haurreskolak Partzuergoa sortu zenetik STEILASen eskaera eta helburua izan da beti. Neurri historiko hau lortu arte borrokatuko dugula argi izan.

Euskal Herrian 2018-01-29

2018-1-29 PUNTUEN ALDARRIKAPEN HISTORIKOA

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude