Haurreskolak Partzuergoa STEILASBERRI 6.

2018ko otsailak 2ko Mahai Negoziatzailearen balorazioa

Otsailaren 2an Haurreskolak Partzuergoan burutu zen negoziazio mahaian Eusko Jaurlaritzak eta enpresak ez zuten proposamen berririk ekarri:

  • Enpleguari dagokionez, aurreko mahaietan egindako proposamen berbera mantendu du: Pertsonal Kudeaketako langileentzat LEP bat bi urtetan. Hezitzaileen behin-behinekotasuna murrizteko edo desplazamenduak saihesteko proposamenik ez dute mahai gainean jarri.

  • Bestetik, ez dute ratioen aplikazioetan inongo aldaketarik sartzeko asmorik. Bitartean, lan kargak eta haurreskolen beharrak lan hitzarmeneko langileen eskubideak urratzen dituzte momentu askotan.

  • Ordezkapenen inguruan sindikatuon aldarrikapena lizentzia, baimenak eta ordezkapen guztiak, inongo baldintzarik gabe, lehenengo egunetik betetzea da. Enpresak, ordea, ordezkapenak betetzeko “beharra balego” baldintza ezarri nahi du. Ordezkapenak ezin dira inoren subjektibitatearen menpe utzi (koordinatzailearena edo pertsonal kudeaketako lankideena). Beraz, baldintza hori desagertu behar da.

  • Enpresak sektorean erretiroa errazteko konpromiso zehatzak ez ditu hartu nahi, ez baititu haurreskoletako hezitzaileen lanaren ezaugarriak aintzat hartzen. Lan hitzarmeneko 52. artikuluak adinagatik arreta zuzeneko denbora murrizteko eskubidea arautu eta enpresak onartu arren, errealitatean eskubide hau gauzatzea ezinezkoa da langilea ez baita ordezkatua izaten.

  • Gaixotasun bajak zigortzeari uzteko edo langileek urte hauetan jasan duten %11,6ko eroste ahalmenaren galera berreskuratzeko inolako proposamenik ere ez du ekarri. Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileok 2009. urtetik 20.370 €ko galera metatua dugu.

  • Haurreskolak Partzuergoko lan esperientzia Hezkuntza Publikoko zerrendetan meritatzea Irakasleen Planifikazio bilerara eramateko konpromisoa hartu du Hezkuntza Sailak.

  • Beste gai asko ez dituzte ukitu nahi: doakotasuna, eskola ibilbidea, Hezkuntza Saileko kudeaketa zuzena…

Hurrengo mahai negoziatzailea gauzatu arte administrazioak ordezkoen araudiaren lanketarekin jarraitzeko proposamena luzatu digu. Haurreskolak Partzuergoaren biziraupena bermatzen dituzten neurriak eskatzen ditugun bitartean, STEILAS sindikatuak ez du onartuko negoziazioaren arreta mobilizatzera eraman gaituzten aldarrikapenetatik desbideratzea. Eusko Jaurlaritza eta Haurreskolak Partzuergoa inolako proposamen berririk gabe etorri izana arduragabekeria larria da.

STEILAS sindikatuaren ustez, aste bi barru deitzera konprometitu diren Mahai Negoziatzailean aldaketa esanguratsurik egon ezean, aurreikusiriko mobilizazio eta greben bidea mantentzea besterik ez digu utziko.

2018-02-05 STEILASBERRI 6 MAHAI NEGOZIATZAILEKO BALORAZIOA

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude