Unibertsitatetik kanpoko irakaskuntza publikoaren greba:

Konfrontazioa inoiz baino biziago dago

Gatazka hasi zenetik 15 hilabete igaro direnean, gaurko eta biharko deitutako bi greba-egunek bultzada handia ekarriko dute mahai ezberdinetan ematen ari diren negoziazio prozesuetara.

Gure ustez, deialdiaren eragina, izan diren aurkako zirkunstanzien gainetik, oso handia izan da. Langile gehien biltzen duen kolektiboan, irakasleena, %75ko jarraipena izan du deialdiak. Beste kolektiboetan sindikatu nagusiak ez du grebarekin bat egin eta berariazko deia egin du ez hartzeko parte. Halere, jarraipena garrantzitsua izan da horietan ere. Heziketa Berezian %60ak egin du greba eta Haurreskolak Partzuegoan (LABek ordezkaritzaren %60a izan arren) hezitzaileen ia %30k egin du bat deialdiarekin.

Deitutako kolektiboen erantzuna eta mobilizazioen neurria ikusiz, STEILASen ustez deialdiak interpelazio zuzena egiten dio Hezkuntza Sailari negoziazioetan aurrera egin dezan; euskal eskola publikoaren premiei benetako konponbidea emango dioten neurrietan oinarritutako negoziazioa.

STEILASek eragindako sektore guztietan elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko konpromisoa berresten du.