2018-4-13ko Mahai Negoziatzailearen eta Mahai Parekidearen bileren laburpena eta STEILASen irakurketa

Hezitzaileen Lanpostuen zerrenda: Azken urteotan bezala, enpresak datorren ikasturtean 1136 lanpostuko sabaia mantentzea erabaki du (LEP arteko eta Behin Betiko langileen artean), nahiz eta 4 haurreskola eta hainbat gela berri ireki diren. Kopuru hau ez gainditzeko bere trikimailuak abian jarri ditu: haurreskola batzuetan lanpostuak amortizatzea (desagerrarazi) beste haurreskola batera eramateko. Haurreskola eta gela gehiagotan zerbitzua eman behar den momentuan langile kopuru berdina mantentzeak, ondorio bat du: zerbitzuaren kalitatea galtzea. Izan ere, enpresak, matrikulazioari aurre egiteko eta LEP arteko kontratu gehiago ez banatzeko, zer egingo du? Beti bezala, azarora arte hezitzaileak haurreskola batetik bestera desplazatu/mugituko ditu. Beharrezkoa da trikimailu hauekin bukatzea!

Lekualdatze Lehiaketa (LAL): Behin betiko hezitzaileak lantokiz aldatzeko zein atxikimendua berreskuratzeko aukera ematen duen prozedura da. Datu batzuk emango ditugu:

LALean eskainitako lanpostuak

ARABA

BIZKAIA

GIPUZKOA

GUZTIRA

2016

47

105

50

202

2018 (enpresaren proposamenaren arabera)

13

83

17

113

Datuak ikusita, argi dago enpresak beste helburu bat duela LALeko diseinua egiten duenean. Behin-betiko kontratudun 723 langile lantokiz aldatzeko 113 lanpostu eskaintzen ditu soilik. Orain dela 2 urte baino 89 lanpostu gutxiago, hain zuzen ere. Egoera honetan STEILAS sindikatuak enpresari orain dela bi urte egin zion eskaera berretsi du: LALean Lanpostu Zerrendako postu huts eta LEP arteko lanpostu guztiak eskaini behar ditu. Era horretan, behin-betiko kontratua duten langileen aukerak zabaltzen dira eta LEP arteko kontratua duten langileen lanpostuak berdintasun irizpide baten baitan eskaintzen dira. Enpresak proposamena aztertu eta asteazkenerako (hilak 18) erantzun bat emango digula jakinarazi zigun.

Pertsonal kudeaketako langileen LEParen garapena oso motel doa eta Enpresari arduraz jokatzea eskatu diogu. Langileen artean zalantza ugari sortu dira eta informazioa ahalik eta azkarren izatea eskatzen dute, enpresaren utzikeriak urte luzez beraien lanpostuak egonkortasunik gabe mantendu baititu. Esteka honetan informazio gehiago duzue: http://steilas.eus/2018/04/17/haurreskoak-partzuergoko-steilasberri-11-kudeaketako-langileen-leparen-prozesua-eta-negoziazioa/.

Eusko Jaurlaritzak, inoiz egin ez duen bezala, Haurreskolak Partzuergoaren matrikulazio kanpaina iragarriko duela adierazi ziguten (irratian eta prentsa idatzian besterik ez, zergatik ez telebistan?). STEILASek urtez urte matrikulazioan ematen den jaitsierari aurre egiteko neurri hau abian jartzea ikasturtero eskatu du, eta azken urte t´erdiko mobilizazioetan eta negoziazioetan ere behin eta berriz eskatu dugu.

Doakotasunaren inguruan Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eginiko eskaeraren inguruan galdetuta (Haurreskolak Partzuergoan doakotasunaren bidean lehen urrats gisa eta progresibotasunean sakontzeko, 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familientzat doakoa izan dadila horietako sarbidea”), Maite Larrañagak berak ere ez dakiela ezer adierazi zigun eta Apirilaren 17an egongo den Zuzendaritza Batzordearen ostean informazio gehiago izatea espero zuela. Hezitzaileok adierazpen honetaz aparte ez dakigu ezer gehiago, eta familiak guregana datoz informazio gehiagoren bila. Matrikulazio epea hasteko 15 egun falta direnean hezitzaileok eta familiak kuoten inguruko informazio eguneratua ez izatea lotsagarria dela uste dugu. Honek Eusko Jaurlaritzaren eta gerentziaren aldetik sektorearekiko begirune falta adierazten du.

Norberaren eginkizunetarako baimena: Lan Hitzarmeneko 44. artikulua idatzita dagoen bezala aplikatuko da hemendik aurrera, hau da:

  • 15 eguneko abisuarekin eskatu beharko da.
  • Gutxienez 7 egun natural iraungo du eta enpresak ezin gaitu behartu ez aurretik ez atzetik egunak gehitzera.
  • Eskaera salbuespen egoeretan soilik arrazoitu beharko dugu: familia eta lana uztartzeko denean edo lehen mailako odol senideen gaixotasun larriren bat ematen denean.
  • Enpresak baimena ukatzeko bere erantzuna laneko arrazoietan oinarritu behar du.

60 urtetik gorakoei zuzendutako arreta denbora murrizteko aukera: 2008-2009 Lan Hitzarmeneko 52. artikuluan “60 urtetik gorako hezitzaileek haurrei zuzeneko arreta emateko denbora murritz dezakete, egunean bi orduz” zehazten da. Enpresari orain arte egiten zuen interpretazio interesatua aldarazi diogu, eta aurrerantzean eskatzaileak bi ordu eta 45 minutu izango ditu prestakuntzarako. Langile hauek ordezkatuak izango dira.

Beste hainbat gaien inguruan Lan Hitzarmena aldatzeko beharra aipatu genuen. Enpresak hausnarketa egin eta egoera hauen inguruko datuak elkarbantu ondoren, mahai negoziatzailean jorratzeko asmoa azaldu zuen:

  • Koordinatzaileen lan kargari aurre egiteko denbora luzatzeko beharra.
  • Arreta zuzeneko, prestakuntzarako, koordinaziorako eta bazkaltzeko (zeharkako arreta) denbora Lan Hitzarmenean adierazitako moduan betetzeko zailtasunak.
  • Borondatezko eszedentzia amaitzean hezitzaileen lanera bueltatzeko modua zehaztu beharra dago. Urteak daramatzagu gai honi bueltak ematen nahiz eta enpresak ez digun oraindik proposamen oso bat aurkeztu.
  • Txanda egunei dagokienez, Lan Hitzarmenean eta Jarraibide Orokorretako liburuan arautzen dena ez dator bat. Protokolo bakar bat adostu behar da txanda egunen eskaera nola egingo eta kudeatuko den zehazteko.

Urrats txikiak ematen hasi gara negoziazioetan, azken ikasturteotan mahai gainean genituen gai batzuen inguruan. Eusko Jaurlaritza eta enpresa bere inmobilismotik atera badira, hezitzaileok burututako mobilizazioen arrakastagatik izan da. Dena den, negoziazioen abiadura eta gaien lehentasunak ez dira STEILAS sindikatuak nahiko lituzkeenak (hezitzaileen LEPa eta behin-behinekotasunaren jaitsiera, Haurreskolak Partzuergoaren bideragarritasun plana, 0-3 sare pribatuaren finantzaketa…). Gai hauek guztiak negoziazioan behar duten tokia eta garrantzia izateko STEILASek lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du.

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 17an.

2018-04-17 STEILASBERRI 10