Hezkuntza Departamentua epaiketa kostuak ordaintzera kondenatu dute

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 2007-2011 itunaren ostean eta murrizketen garaian hartutako erabakiek hezkuntza komunitatearen eskubideen galera sakona ekarri zuten. Langileoi neguko oporretatik (Gabonetako oporrak) zortzi egun eta udaberriko oporretatik (Aste Santuko oporrak) lau egun kentzen hasi ziren, ekainean kobratzen zen kitatze (finikito) horretatik 12 egun kenduz eta hilabeteko soldata oso bat gutxiago kobratuz. Honetaz gain, nahiz eta hamar hilabete oso lan egin, udara kobratzeko eskubidea ere ukatzen zitzaigun.

Badira urte batzuk udaberri eta neguko opor egunen inguruko erreklamazioetan epaiek arrazoia ematen digutela eta erreklamatu zuten pertsona orori eskubidea aitortu zaie. Honen kontura, oraingo gobernua de facto ordaintzen ari da momentu honetan.

Baina udarako hilabeteei dagokionean, nahiz eta aldeko epaiak izan, Hezkuntza Departamentuak ez ditu onartzen. Hau honela, erreklamatzea besterik ez zaigu geratzen. Baina aldi berean, Hezkuntza Departamentua bere baliabideak ongi kudeatu beharrean, momentuz irtenbideari bizkarra eman dio eta oporrak ordaintzeak duen kostuaz gain, dirua xahutzen ari da epaitegietan.

Honen harira, STEILASek hamahiru pertsonen oporren ordaintzea bideratu du eta auzitegiak, berriz ere, arrazoia eman digu. Horrela, Hezkuntza Departamentua kondenatu dute proportzionalki ordaintzera baita gizarte segurantza ere, eta bi hilabeteko antzinatasuna kontuan hartzera.

Baina orain arte ez bezala, hezkuntza departamentua oraingo honetan epaiketa kostuak ordaintzera kondenatua izan da eta honek aurrekari bat zabaldu du. Gobernuak ezinbestean konturatu behar du merkeago ateratzen zaiola udako oporrak zuzenean ordaintzea. Eta hori argi jaso beharko luke orain negoziatzen ari garen hezkuntzaren kalitatea hobetzeko itunak.

prentsa oharra STEILAS udara kobratzea. (pdf)