Gaurko aurreakordioa aurrerapausu garrantzitsua da, bere garaian ezarritako murrizketa esanguratsuenak bertan behera geratuko direlako. Ahuleziak baditu ere, STEILASen argi dugu arduragabekeria hutsa litzatekeela langile eta ikastetxe askoren onura dakarten neurri hauek bertan behera gelditzea:

  • Bajak ez dira zigortuko.

  • Ordezkapenak lehen egunetik beteko dira.

  • Haur Hezkuntzako 3 urteko geletan plantillak indartuko dira.

  • Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako plantillek baliabide gehigarriak jasoko dituzte, eta horren ondorioz, egoera zailenean dauden 150 ikastetxe baino gehiagok irakasle-ikasle ratioak hobetuko dituzte.

  • 60 urtetik gorako irakasle funtzionario karreradunek 1/3ko murrizketa izango dute ordu lektiboetan.

  • HH eta LHn 59 urtetik gorakoentzat 2 orduko murrizketa izango dute asteko ordu lektiboetan.

  • Familia kontziliaziorako baimen berriak langile guztientzat. Ordezkoek 3 urte arteko umeak zaintzeko eszedentzia hartu ahal izango dute funtzionarioen termino berdinetan.

  • Ordezkoei jardunaldia osatzea baimenduko zaie (Bateragarritasuna)

  • Ordezkoen zerrendak irekiko dira oposizioak dauden urteetan.

  • Lanbide Heziketan 116 langile gehiago egongo dira, eta euskalduntze planean sakonduko da.

Bestalde, zehazteko geratu zaizkigun gaiak hauek dira: 60 urtetik gorako irakasle guztientzat 1/3ko murrizketa ordu lektiboetan; geletako ratioa %10 jaistea; ikastetxeetako lan administratiboa nola bideratu… Beraz, gai hauek mahai gainean daude eta lehentasunezkoak dira.

Negoziazio fasean eta lan akordio orokor bati begira ezinbestekoa da gaurko aurrekoardioa, besteak beste, datorren ikasturterako indarrean jarri ahal izateko bertan jasotako neurriak.

Aurreakordio honek ez ditu eskola publikoaren beharrak asetzen. Erronka gogorrak ditugu ate joka, eta STEILASek hauei tinkotasunez heltzeko konpromezua berresten du: sare publikoa eta pribatuaren arteko desorekak, segregazioa, hezkuntzaren merkantilizazioa, hizkuntzen trataera…

Jaurlaritzari, EAJri bereziki, garbi adierazi nahi diogu zurruntasunez eta zorrotz jarraituko dugula hartutako konpromezuen betetzea, eta hala izan ezean, konfrontaziora joko dugula, ezinbestean.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu hilabete hauetan guztietan borrokan aritu diren langile eta familia guztiei, EHIGEri eta sustengua adierazi diguten eragile eta norbanako guztiei.

Gora langileon borroka!

Gora Euskal Eskola Publikoa!