STEILASek bat egiten du EMMk egiten duen salaketa eta Huelvan jasan duten indarkeria Marokoko emakume nekazariekin elkartasun osoa adierazten du.

Marokoko 300 emakume baino gehiago kaleratu eta espainiar estatutik kanporatu dituzte euren esplotazio egoera salatu ostean

Aski da! Ezetz esaten diegu esplotazio egoerei eta Hegoalde globaleko pertsonak lan esku merke bezala hartzeari. Aski da!

Gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu, Huelvan, euren esplotazio egoera salatu duten Marokoko emakume nekazariei.

Badakigu Hegoaldeko herrialdeetako emakume migranteen egoera oso latza dela. Kasu honetan, marokiarrek espainiar estatuan sartzeko dituzten zailtasunak ikaragarriak dira: hamarnaka kilometroko harresi bat dute igarotzeko, alanbrez eta puaz josia. Huelvan lanean ari ziren emakume hauek kontratuak sinatu zituzten Marokon, eta bertan espainiar estatuko egonaldian behar zutena bermatuta zutela zehazten zen. Andaluziar herrira heltzean baina, beste baldintza batzuekin egin zuten topo: ura eta argia ordaindu beharra, baldintza eskaseko etxebizitzak, 6 pertsonako egongeletan bizi ziren, pertsianarik gabe, haize egokiturik gabe, eta itokinak nonahi zituztela.

Kontratu hauek ez betetzea salatzeaz gain, sexu erasoak ere salatu dituzte Marokoko emakume nekazariek. Zehazki, beraien arduraduna zen 47 urtelo gizon batek egindako sexu erasoak.

Argi dugu espainar estatua honen guztiaren konplizea dela. Bera da emakume nekazari hauen esplotazio egoeraren arduraduna.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak salatzen du: nekazaritza eta elikadura enpresa hauek erabiltzen duten indarkeria. Emakume migrante hauen gorputzak zeharkatzen dituen indarkeria. Egoera administratibo erregularrean dauden pertsona hauetaz baliatzen dira iparraldean kontsumitzen duguna ekoizteko. Migrante izateagatik esplotatzen dituzte, langile izateagatik, eta noski, emakume izateagatik.

Hegoaldetik datozen pertsonak, bizirauteko besterik ez dutelako, onartzera behartuta dauden lan kontratu prekario eta esplotatzaileak salatzen ditugu.

Eta estruktura kapitalista, kolonialista eta patriarkar honen parte diren iparraldeko estatu eta industriak egiten ditugu honen guztiaren erantzule. Bereziki, bere ekoizpena Hegoaldeko emakumeen esplotazioan  oinarritzen duen elikagaien industria.