Audientzia Nazionalak aginduta, operazio berri bat zabaldu du Guardia Zibilak EHUko Gasteizko Campusean, uztez “terrorismoa goratzearekin” zerikusia duen balizko delituren baten aitzakiarekin. Hiru Fakultatetako ikasle-gelak arakatu, eta atxilo hartu dituzte hiru ikasle, Gasteizen bertan, Etxarrin, eta Azpeitian.

Ez dute aitzakia askorik behar izaten Audientzia Nazionalak eta Guardia Zibilak Euskal Herriko gazteen kontra ekiteko. Altsasuko eta Errenteriko prozesamenduek argi erakusten dute Estatu espainiarra prest dagoela, oraindik ere, “terrorismoaren” mamua erabiltzeko euskal gazteria zigortu eta panorama politikoa kakazteko. Eta bide batez, beste behin ere, EHUren beraren izen ona ere zikintzeko. Hori ez da bidezkoa; noiz arte jarraitu behar dugu kontu honekin?

STEILAS sindikatuak gogor salatzen du Audientzia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren operazio indiskriminatu hau, zigortu, nahasmena sortu eta beldurra eragitea beste helbururik ez duena. Atxilotuak askatu eta euskal gazteria behingoz bakean uzteko ere aldarrikatzen dugu.

NOIZ ARTE JARRAITUKO DU DANTZAK?