Iritzi artikulua: HEZKUNTZA BEREZIKO HEZITZAILEAK: HEZKUNTZA SAILETIK GEHIEGI ESPERO DUGU?

Gobernu bereko legealdi berri baten hasieran gaude. Honek esan nahi du gobernuak aukera paregabea izango duela aurreko legealdian egin gabe utzi zuena egiteko edo gaizki egindako gauzak zuzendu ahal izateko. Nahi izatekotan, noski! Zoritxarrez, eskarmentuak irakasten digu gobernu berak politika bera egiten jarraitzen duela eta, gehienetan arazoa ez dela denbora falta izatea, gogorik eza baizik. Horregatik, eta igarleak ez bagara ere, ikastetxe publikoetan lan egiten dugun hezkuntza bereziko hezitzaileok legealdi honetan ere poztasun gutxi izango ditugula aurrera dezakegu.
Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleekin lan egiten dugun fisioterapeutak, hezkuntza laguntzako espezialistak, zeinu hizkuntzako interpreteak, terapeuta okupazionalak… garen langileon lan-baldintzak denboraren poderioz (gure hitzarmena 2003koa da) zahartzen dihoazela ikusten dugu egungo errealitateari erantzun egokia eman gabe eta hori bideratzeko arduradunen pasibotasunaren aurrean.
Zenbat legealdi pasatu behar dira hezkuntza bereziko hezitzaileok lan egoera duina lortzeko? Hezkuntzako arduradunek gure lan-baldintzen aurrean adierazten duten jarreraren aldaketa ezinbestekoa eta atzeraezina da. Edo aldaketa hori gauzatzea gehiegi eskatzea ote da? Badakigu kantitatea neurtzeko “gehiegi” neurri hori erlatiboa eta subjetiboa dela, bai. Baina…

…gehiegi eskatzea ote da langile ordezkoen lan-baldintza prekarioekin bukatzea? Langile guztion lana (finko eta ordezkoena) berdina da, horregatik langileak bereizten dituzten alderdiak desagertzeko ahaleginak egitea espero genuen. Hezkuntza-sistemaren kalitateak ere modu eragingarrian egingo luke hobera eta… ez da hori, hain zuzen, Hezkuntza Saileko arduradunek de facto (inork eskatu gabe) bermatu behar dutena?

…gehiegi eskatzea ote da ikastetxeetan lan egiteko maila bereko titulu akademikoa eskatzen zaien langile guztiei soldata berdina ematea? Nork erabakitzen du batzuen lana bestearena baino garrantzitsuagoa dela eta, horren ondorioz, batzuek ez dutela merezi soldata berdina izatea? Lantoki berean lan egiteko baldintza bera eskatu bai, baina soldata berdinik ez? Hori da fisioterapeutek eta terapeuta okupazionalek Hezkuntza Saileko arduradunengandik jasotzen duten mespretxua.

…gehiegi eskatzea ote da… urtez urte hezitzaileek beraien lana modu egokiz egiteko edo beraien eskubideak bermatzeko aurkitzen dituzten arazoak saihesteko irtenbideak bilatzea eta erabaki  adostuak hartzea? Edo… langile hauen artean ematen den ezengorkontasun maila altua jaistea 10 urtez eguneratu gabe dagoen lanpostuen zerrenda gaurkotuz? Edo… hezkuntza laguntzako espezialistentzat asteko lanaldi duin bat?

Edo…
Gure eskaerak beste munduko gauzak ez direla uste dugu, baina ezer emateko prest ez daudenentzat gehiegi eskatzea da, noski. Hezkuntza Sailak inoiz ez du ezer emateko asmorik izan, ez beste sektoretan, ezta are gutxiago hezkuntza bereziko hezitzaileon sektorean ere. steilasek hankaz gora utzi du krisialdiaren aitzakiarekin administrazioak duen diskurtsoa (dirua makroinfraestrukturetan xahutzen duen bitartean) zentimo bat ere behar ez zuten  aurrerapausoak mahai gainean jarriz. Baina, noski, hauek ere ez dituzte onartu! Ulertezina, benetan.
Ez genuen eta ez dugu gehiegi espero. Zertxobait bai, gure itxaropena bizirik mantentzeko eta hezkuntza komunitateko kideak garela sentiarazteko, baina hitz politak eta hutsalak baino ez ditugu jasotzen. Horregatik beste eskaera bat egin nahi diogu legealdi hau hasi duen gobernuari: gure sektorean aurrezten duten diruarekin batera, beraien hitz politak eta beraien aitzakiak ere aurreztea. Benetan mingarriak direla eta dagoeneko ez dizkiegu sinisten. Guk ez dugu etsiko eta une latzetan ere beti aurrera egiten jarraitzeko
prest gaude! Hezkuntza berezian eta inklusioan sinesten dugulako!!!