Haurreskolak Partzuergoa STEILASBERRI 17: Gardentasun eza.

Gardentasun eza Haurreskolak Partzuergoan

Hilaren 13 eta 14an, Enpresak ordezkoen zerrenda egun batetik bestera ireki zuen. Enpresaren burugogorkeriak, borondate faltak eta negoziazio ezak eraman gaituzte pairatzen ari garen egoerara. Urduritasuna eta jakin eza nabarmena da hautagaien artean, ekainaren 12an argitaratutako arautegian prozesu guztia zehazten ez zuelako. Ez barematuen zerrenda ez da argitaratu eta ez dakigu noiz argitaratuko den. Beraz, dokumentazioa aurkeztu duten lagunek ez dakite onartuak izan diren edo ez, ezta zein ordena duten zerrenda horretan. Hala ere, Enpresa erabiltzen ari da zerrenda hori ordezkapenak banatzeko. Nola bermatzen dute zerrendaren kudeaketaren gardentasuna?

Gainera, uztaila heltzear dago eta oraindik Enpresak ez digu ezer esan uztaileko egoerari buruz, azken 2 asteetan informazio eske ibili garen arren. Argi dago Enpresa alde sozialarekin gero eta informazio trukaketa eskasagoa izaten ari dela, elkarlana oztopatzen duelarik. Hau adierazten duen beste adibide bat atzo bertan gertatutakoa da. Sindikatuoi ez digu jakinarazi ekaineko ordainsariaren ordainketa nola egingo den, ohiko prozedurak apurtuz.

STEILAS sindikatua kezkatuta dago ere Enpresak oraindik Funtzionamendurako Lanpostuen Zerrenda ez duelako argitaratu; hau da, 2017-2018ko ikasturtean haurreskola bakoitzean zenbat lanpostu egongo diren zehazten duen dokumentua. Datu horien gainean eta haurren matrikulazio datuak kontuan hartuz, iraileko hezitzaile beharrak eta lantokiak zehazten dira. Hori egin ostean, kontratu iraunkorra duten hezitzaileen atxikimenduak (LEP arteko eta finkoenak) eta iraileko beharren emaitzak alderatzen dira mugitu behar dituzten hezitzaileak eta bete gabeko beharrak zeintzuk diren jakiteko. Horrela, uztaileko esleipenak antolatu eta gauzatzen dira.

Prozesu guzti hauei gardentasuna emateko garaiz ekin behar zaio lanari. Iazko esleipenak berandu egin ziren, eta sindikatuok hurrengo ikasturteetan prozedura hau aurreratzea eskatu genion Enpresari. Honek, ahaleginak egiteko konpromezua hartu zuen. STEILAS sindikatuak bere hitzak betetzea eskatzen dio, eta horretarako beharrezko komunikazio bideak zabaltzea eta lanean hastea.

Haurreskolak Partzuergoan gardentasun faltarik ez!!

2017-06-23 STEILASBERRI 17

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *