Iritzi Artikulua: Zerga-heziketa, EAJren zigiluarekin

Zerga-heziketa, EAJren zigiluarekin

“Zertan datza Kupoaren inguruan gobernuak lortutako akordioa? Nola finantzatzen dira egunero erabiltzen diren zerbitzu publikoak? Zertara bideratzen dira urtero ordaintzen ditugun zergak? Galdera horien eta fiskalitatearekin lotutako beste hainbat erantzun izango dute DBH 4.mailako ikasleek datorren urtetik aurrera.” Horrela hasten zuen Gorka Alvarez EAJ-PNVko legebiltzarkideak argitaratutako iritzi artikuluak.

Heziberrin, DBH 4. mailako edukietan (5.3.2.2. puntuan), besteak beste, enpresa eta pertsona fisikoen zerga-betebeharrak, zerga-iruzurra, EAEko zerga-sistema, Kontzertu ekonomikoa eta Kupoa jasotzen dira. Ebaluazio irizpideetan berriz, honakoak hartuko dituzte kontutan ekonomia irakasleek: Euskal kontzertu ekonomikoaren berri badu ikasleak, baita haren jatorri historikoaren berri ere; Kupoa zer den ulertzen du; Euskal zerga-sarea eta hari lotutako administrazio publikoak zein diren badaki, eta Foru Aldundien zeregina balioesten du bereziki, baita hainbat zerga arautzeko duten ahalmena ere. Hauek dira 4. DBHko ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum Dekretuetan jasotakoa jarraituz, menperatu beharreko edukiak. Gorka Alvarezek beraz, legebiltzarkide batengan kezkagarria den ez-jakintasun nabarmena agertzen du, eduki hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2016ko urtarrilaren 15ean argitaratu baitziren.

Honez gero, irakurlea, Gorka Alvarezek defendatzen duen kontu honek beste erpin ezkuturen bat baduela konturatuko zen . Eta hala da. EAJ-k, berriro ere, eskolaz kanpoko enpresa baten kontratazioaz, zerbitzuak azpikontratatuz, pribatizatuz (gogoratu Botindarren fundazioaren kontratazioa, besteak beste), bere edukiak -edo edukiak bere modura- sartu nahi dizkigu ikastetxeetan. Adibidez, kupoa zer den azaldu beharrean, kupoaren inguruan lortutako akordioa azalduko du ikastetxeetan EAJ-k bidaliko duen enpresa horrek. Antza, beldur dio EAJk hezkuntza publikoko ekonomia irakasleen katedra askatasunari, hezkuntza publikoan ehundaka irakasle baititugu fiskalitatearen inguruko edukian egoki lantzeko gaitasunarekin.

Guztion zergekin zerbitzu publikoak zorrotz kudeatu beharraz arituko omen da enpresa hori ikastetxeetan. Azalduko al die ikasleei ikastetxe pribatu-itunduek inongo kontu ematerik eta kontrolik gabe jasotzen duten milioika euro? Eta horrek gizarte kohesioan duen eragina azalduko al du? Esango al die ikasleei, beraien familien zergei esker bizi direla ikastetxe pribatu-itunduak baina askok sarbidea itxita izango dutela beraien jatorri eta egoera sozio ekonomikoa dela eta? Horren ordez, PNV-k Europako alderdi iruzurgileenarekin lortutako akordioa zuritzeko ahalegina egingo du.

Ez dago irakasle izan beharrik jakiteko adin horretako gazteek -eta ez gazteek bakarrik- ereduak jarraituz eta inguruan ikusten dutenaren arabera garatzen dituztela beraien jarrera eta ohiturak. Zentzu honetan, EAJ-k Europako alderdi korruptoena den PPrekin bat egin du Madrilgo aurrekontuak aurrera atera daitezen eta, bide batez, Rajoy, Barcenas, Rato, Zaplana, Barbera eta gainontzeko iruzurgileen alderdiak Euskal Herrian LOMCE bezalako lege organikoen bidez agintzen jarraitzeko bermea eman die. Eta hori da, hain zuzen ere, ikastetxean ikasiko dituzten edukien gainetik barneratuko dutena gure ikasleek, eta gizarteak oro har.

Amaitzeko, guk ere Berri Txarrak taldearen letra batekin amaituko dugu, Gorka Alvarezek bere idatzian egin bezala, EAJrekin aurkitu dugun elkargunea baita itxuraz: Ebidenteegia zure egia agian, agintari nagia ebidenteegia dejà vu etengabia bizi dugun herrian.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *