STEILASen erabakia Haurreskolak Partzuergoaren eta Hezkuntza Sailaren jarreraren aurrean

Ez, honi buruz ezin dugu hitz egin”; “Hau ezin dugu ikutu, Eusko Jaurlaritzaren menpe dago”; “Ez”; “Hau Madrilen esku dagoen gai bat da”; “Honi buruz hitz egin dezakegu”.

Hauek (eta ildo beretik doazen beste batzuk) izan dira azken ikasturte(et)an Haurreskolak Partzuergoarekin burutu ditugun bileretan sindikatuok entzun ditugun erantzunak, gai bat edo beste baten inguruan proposamen ezberdinak planteatu eta gero. Gehienez, beraien hitz egiteko prestutasuna adierazten dute. Itxurakeria, ez besterik. Erabaki zehatzik, bat ere ez. Negoziazioa aspaldi lurperatu zuen administrazioak, alde bakarrez hartutako erabakien bitartez jarduteko. Enpresaren interesa, eta ez langileona, babestuko duten araudien interpretazioei ateak zabaltzeko. Kontrako dozenaka sententzia jaso ostean (azkena, aste honetan bertan), harago doazen erabakiak hartzeko.

Eta denborak aurrera egin ahala, horrela mantendu gaitu enpresak, bilera batetik bestera, langileekin jolasean. Benetan garrantzia duten gaietan fokoa jarri beharrean (Haurreskolak Partzuergoko finantziazioa, zerbitzuaren doakotasuna, langileon behin-behinekotasun tasa altua, matrikulazioaren jaitsierari aurre egiteko neurriak…) gure atentzioa eta lana beste batzuetara bideratzen dute, kudeaketa kontuetara, arlo teknikoetara (araudiak, zerrenden irekiera, baremazio eta bestelako prozesuak…). Enpresak bere egunerokotasuna eta erabakiak sindikatuon laguntzarekin babesteko interes zuzena duen gaietara, azken finean.

STEILASen argi dugu prekarietatea betikotzen jarraitu beharrean Haurreskolak Partzuergoko etorkizunerako oinarri sendoak ezartzen hasteko garaia dela. Haurreskolak Partzuergoak etorkizuna behar du izan, langileok etorkizuna behar dugu izan, eta orain da horren alde apostu egiteko momentua. 10 urte barru izango garena, Haurreskolak Partzuergoa izango dena, gaurko erabakiek baldintzatuko baitute.

Izan ere, euskal jendarteak azken urteotan izan duen eraldaketari egokitzen ez du asmatu enpresak. Jaiotza-tasak behera egin duela ezin dugu ukatu (%-3,4 2016an, EUSTAT-en arabera), eta horren ondorioz matrikulazioek urtetik urtera beherantz jarraitzen dutela ere, ez. Orduan, zergatik ez ditu enpresak (eta Hezkuntza Sailak) behingoz matrikulazioen gorakada bat bultzatuko duten neurriak ezartzen? Zer lortzen dugu jaiotza-tasen beherakadari errua behin eta berriz leporatzen, horren aurrean erabaki bat ere hartu gabe? Jaiotza-tasaren beherakada ezin da lanpostu kopurua jaisten eta behin-behinekotasuna mantentzen jarraitzeko aitzakia izan. Erabakiak hartu egin behar dira, denbora gehiago pasatzen utzi barik. Borondate politikoa egonez gero, aldaketa gauzatu daiteke, beste eredu batzuk erakusten duten bezala: 2017-2018 ikasturterako Madrilgo udal-haurreskoletako kuotak jaitsi ostean (zenbait kasutan, desagertzera arte), matrikulazioak gora egin du eta eskoletan plaza librerik ez dela geratu adierazten dute agintariek.

EAEn, 2016an, 18.204 haur jaio ziren EUSTAT-en behin-behineko datuek jasotzen duten bezala. Familia askok beraien haurrak inon ez matrikulatzea erabakitzen dute; beste askok, berriz, Haurreskolak Partzuergoa edo diru publikoa baliatuta finantzatzen diren eskola, ikastola zein udal-haurreskoletara eramaten dituzte beraien haurrak. Egoeraren larritasuna zein den ulertzeko, datuei erreparatuko diegu: 2017ko aurrekontuetan 0-3 urteko eskaintza duten zentru pribatuetara 25.627.322 euro bideratu ziren; Haurreskolak Partzuergora, 42.675.215 euro. 2012tik 2017ra, Haurreskolak Partzuergoko aurrematrikulazioen kopurua % 16 jaitsi da. Hau guztia kontuan izanda, beharrezkoa da DOAKOTASUNEAN pauso sendoak ematea, zerbitzu publiko indartsua mantendu, lanpostuak bermatu, pribatizazioa ekidin eta jendarte kohesio ez-baztertzaile erreal bat lortzeko. Egoera honen aurrean sare pribatuak (diru publikoz lagunduta) bizirauten duen bitartean, murrizketak pairatzen duena Haurreskolak Partzuergoa da.

Ezin dugu ahaztu, gainera, Euskal Hezkuntza Sisteman 0-3 zikloa apurtuta dagoela. Haurreskolak Partzuergoa irla bat da. Gure artean izaten ditugun familiak, gehienez, 2 ikasturte igaroko dituzte gurekin. Konturatu orduko 2 ikasturte hauek pasatu egin dira eta familiek galdera bati egin behar diote aurre… Eta orain, zer? Eskola “bila” hasi behar dira, horrek suposatzen duen guztiarekin. Haurreskolak Partzuergoak eta, ondorioz, Hezkuntza Sailak haur eta familia horiei hezkuntza sisteman jarraipen bat ahalbidetuko balieke (sare pribatuak ziurtatzen duen bezala), guztion onerako izango litzateke. Zerk oztopatzen du hau horrela izatea?

Enpresak eta Hezkuntza Sailak ez dute langileon lan-baldintza duinak ziurtatuko duen Ordezkoen araudi edo Lan Hitzarmen berria sinatzeko asmorik, sindikatuon sinadurarekin enpresaren interesa babestutako araudiak lortzea baizik, gure lana eta konplizitatearekin. %40 inguruko langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatuko duen neurri bakar bat ezartzeko asmorik ez, adibidez. Ezin gara joko horretan erori. Gaur egun indarrean dugun Ordezkoen Araudia dekretuz ezarritakoa da, langileon babesik gabe. Sindikatuok eginiko proposamenei emandako erantzunak zeintzuk izan ziren jakin nahi?

Haurreskolak Partzuergoa sortu zenetik gaur eguneraino gizarteari eman dion guztia urte askotan ematen jarraitu ahal izateko argi dugu honengatik guztiarengatik eta etorkizun duin bategatik borroka egiteko garaia dela. Bai, borroka. Bestela, denak berdin jarraituko du, egoera jasanezina dela esaten jarraituko dugu, gainera. Zoritxarrez, administrazioak ez digu ezer musu-truk emango, ezta eskainiko ere. Eta borrokak elkartasuna eskatzen du, guztion esfortzua, zerbait lortu nahi badugu.

Langileok ez gaude denbora gehiago galtzeko prest. Denok dakigu iazko ikasturtean mobilizazio ezberdinak burutu genituela, besteak beste, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore guztietan 3 greba. Ikasturtea hasi bezain laster, hiruhilabete guztirako gehiengo sindikala osatzen dugun 3 sindikatuok egutegi oso bat aurkeztu dugu Administrazioaren jarrera itxiak derrigortuta. Ez entzunarena egiten jarraitzen du administrazioak, noiz arte? Benetako negoziazio bat exijitzen dugu, ez orain arteko jolasa. Ez orain arteko denbora galtzea.

Egoeraren analisi eta hausnarketa hau egin eta gero, prekarietatea kudeatzeko bileretan parte ez hartzea erabaki dugu STEILASen, benetako negoziaketa ezkutatzea baitute helburu. Prekarietateari aurre egiteko negoziaketa mahaiak beharrezkoa dira, eta hauetara noiz deitu itxaroten gaude oraindik. Langileon aldarrikapenak haintzat hartzen ez dituzten bitartean, mobilizazio eta aldarrikapen horiekin jarraitu beharrean aurkituko gara, inoiz baino indartsuago eta arrakastatsuago, Haurreskolak Partzuergoa eta Hezkuntza Saila presionatu nahi baditugu.

STEILAS, 2017ko irailaren 12an

 2017-09-12 STEILAS-EN ERABAKIA

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *