Aurreko ikasturtean greba eta mobilizazio dinamika gogor bati ekin genion, urtez urte hezkuntza publikoak jasandako murrizketei buelta emateko asmoz. Ahalegin handia egin behar izan genuen hezkuntza publikoko langileok.

Ahalegin horri esker gobernua benetako negoziazio mahaira ekartzea lortu dugu eta bideari ekin diogu.  Lan eta borroka asko dugu oraindik egiteko, negoziaketa hasi besterik ez baita egin. Horregatik, langileon ordezkariok, inoiz baino indar gehiagorekin behar dugu eskoletatik zuen bultzada, gure lan baldintzak hobetu eta eskola publikoari dagokion tokia emateko, borroka etekinak ematen hasi baita.

Negoziaketa fase honetan dago:

Lan eskaintza publikoa eta interinitatearen jaitsiera

Datozen hiru urterako 4.381  lanpostu kidego ezberdinetan.

Neurri honek %25ingurura jaitsiko luke interinitate tasa. Administrazioari askoz ahalegin handiago eskatu beharrean gaude, Madrilgo Gobernuak tasa hau %8ra jaisteko baliabide legalak ahalbideratu baititu. Proposamena, beraz, ez da inondik inora gutxienekotara heltzen.

Bitarteko irakasleen egonkortasuna

Hutsik dagoen lanpostu bat betetzen duten bitarteko langileak lanpostu horretan mantendu ahal izatea, postu hori arauz betetzen den arte edo funtzionario titularra itzultzen den arte.

Gai hau LEPak zehaztu arte baztertzea erabaki dugu. Oposaketen bitartez interinitatea %8ra gehienez jaistea da gakoa. Behin behinekotasun tasa horren kudeaketa ondoren etorriko da.

Ordezkapenak

 HH-LH kidegoko ordezkapen guztiak lehen egunetik beteko direla adierazi du administrazioak. Gainontzeko kidegoetarako ez dugu zehaztapenik jaso.

Administrazioak beste kidegoetarako proposatutakoa, “euren ordutegi, espezializazio eta antolamendu propioengatik, eta bajen kasuistika eta iraupen desberdinagatik”, aitzakia hutsa da murrizketekin jarraitzeko.

STEILAS-etik ordezkapen guztiak kidego guztietan lehen egunetik bete daitezen exijitzen jarraituko dugu!!!

Plantilak eta lanpostu zerrendak

358 lanpostu azaleratzea, hau da, euren izaera estrukturala aintzat hartzea. Honek ez du esan nahi lanpostu berriak direnik.  Orain arte “ezkutuan” egon direnak “boletineko” lanpostu Zerrendetan agertuko dira. Neurri hau aspaldian salatu dugun disfuntzio baten zuzenketa da, ez besterik.

Lanbide Heziketa:

60 irakasle gehiago Lanbide Heziketa Plan zehatzei lotuak (Euskalduntze Plan zehatz eta errealista bat behar dugu baita Lanbide Heziketa Duala kudeatzeko irakasle kopuru handiagoa ere).

Gure ikastetxetan ditugun beharrak ikusita, proposamen iraingarria iruditzen zaigu. STEILASek guztiz beharrezko ikusten du ikastetxetan langile gehiago egotea. Hizkuntzen trataerarako, ahozkotasunerako, bi urteko gelatan tutoretza bikoitza, egoera berezian dauden ikastetxeetarako baliabideak…

Erretiroa, bajen zigortzea, eros-ahalmenaren galera, Itzarri, ratioen jaitsiera…gai horietaz ez dugu inongo berririk izan eta ez gaude prest, negoziaketaren bidean, albo batera uzteko gure lan baldintzak hobetzeko oinarrizkoak diren gai hauek.

Gobernuak eginiko planteamendu honen aurrean AURREIKUSITAKO MOBILIZAZIOAK MANTENTZEA beste erremediorik ez dugu.

Mahai sektoriala balorazioa_PDF