Haurreskolak Partzuergoaren UTZIKERIA!!

Azken egun hauetan Haurreskolak Partzuergoaren aldetik hainbat haurreskoletan sufritzen ari zareten utzikeria egoera salatu beharrean gaude lerro hauen bitartez.

Zuetako askok bide ezberdinak erabilita helarazi diguzuen bezala, ezinezkoa egiten ari zaizue Haurreskolak Partzuergoarekin komunikatzea, ez telefonoz ez eta posta elektroniko bidez. Komunikazio eta informazio falta honek oso egoera deseroso eta larriak eragin ditu zuen
haurreskoletan azken egun hauetan: ordezkapenak bete gabe gelditu dira, beste batzuen
artean.

Txanda egunak eta ordezkapen guztiak betetzeko zailtasunak ditu enpresak. Izan ere, martxoan sinatu zuten akordioa bete ahal izateko baliabide pertsonal eta teknikoak ez egokitzeak ondorioak ditu. Onartezina deritzogu egun bateko ordezkapenak aste bete lehenago banatzea, Ordezkoen Araudiko lehentasun irizpide guztiak bertan behera utziz.

Hau gutxi balitz, zuetako askok lekuz kanpo dauden oso erantzun txarrak jasotzen ari zarete
enpresarengandik, hitz egitea lortu izan duzuenean.

Honek guztiak agerian utzi du, beste behin ere, STEILAS sindikatuak aspalditik salatzen duen
egoera: kudeaketako langile falta eta baliabide informatikoen eguneraketa premia nabarmena.
Begi-bistakoa da Haurreskolak Partzuergoaren kudeaketan ematen den gardentasun gabezia.
Haurreskolak Partzuergoko langileek (hezitzaile zein kudeaketakoek) eta, nola ez, familiek,
bestelako kudeaketa eredu bat merezi eta behar dugu. Egoera honek ezin du denboran gehiago
iraun, erabakiak hartu ezean, okerrera egingo baitu.

Idatzi honen bitartez STEILAS sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko gerentziari berriz
eskatzen dio, behingoz, hartu beharreko neurriak eta erabakiak hartu ditzala aspalditik datorren egoera honi bukaera emateko. Enpresa eta sindikatuen arteko informazio trukaketa eraginkorra ziurtatu ahal izatea ere erreklamatu nahi dugu, enpresak bilera batera ez gaituela deitu denbora larregi pasa baita. Nahikoa da.

Euskal Herrian, 2018ko ekainaren 15ean.

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *