LAN METAKETAK ETA LEP ARTEKO KONTRATUAK EZ BANATZEKO ENPRESAK EGITEN DITUEN TRIKIMAILUAK

Azken egunotan Enpresak lan metaketak noiz banatuko ote zituen ez jakiteak zalantza asko sortu ditu ordezkoen artean. Jakin behar dugu lan metaketa kontratuak urtean, gehienez, 9 hilabeteko iraupena izango duela. Beraz, Enpresa ez da hasiko lan metaketak banatzen urriaren 22ra arte, gutxienez. Horrela eginda, kontratu hauek haurreskola gehienen ikasturte amaierara arte iraungo dute, uztailaren 22ra arte, hain zuzen ere. Kontratu hauek lehenago banatuz gero, langileak, juridikoki, kontratua LEP arteko bihurtzea eskatu dezake.

2012. urtetik, Enpresak ez ditu LEP arteko kontratu berririk eskaini ikasturtean zehar. Nahiz eta haurreskola askotan behar berriak sortu, finko zein LEP arteko kontratua duten langileen mugimenduak erabili ditu hutsuneak betetzeko. Iaz, urriaren amaieran hasi zen lan metaketak banatzen.

Bitartean, haurreskoletan behar berriak sortzen badira, zer gertatzen da?

1. aukera: Enpresak kontratatuta dagoen LEP arteko edo finko bat mugitzen du.

2. aukera: Enpresaren ustetan, haurreskola batean langilego beharrak “soberan asetuta” daude. Bertako hezitzaile batek murrizketa edo eszedentzia eskatzen du eta enpresak hau ordezkatzea erabakitzen du (bertan, bere ustez, beharrik egon ez arren). Orduan, ordezkapen hori beteko duen pertsona beste haurreskola batean sortu den beharra asetzera bidaltzen dute. Trikimailu hau larriagoa iruditzen zaigu.

Horrela zer lortzen du Enpresak? Bada, ordezkapen kontratuekin kontratu egonkor berriak saihestea (LEP arteko zein lan metaketa kontratuak).

Gela bakarreko haurreskola txikien egoerak ere asko kezkatzen gaitu. Urriaren amaierara arte, aurten ere, 3 edo 4 haurren haurreskoletan kontratu berriak ez egiteko hezitzaile bakarra egongo da. Enpresak haurreskola hauetan 7 orduko zerbitzua ematera behartzen gaitu hezitzaile bakar bat kontratatuz. Ibiltariek lan metaketako kontratua dutenez, ez dituzte bidaltzen urriaren amaierara arte. Era honetan, hezitzaileek beraien betebeharrak burutzeko zailtasun handiak dituzte koordinazioa eta prestakuntza ezin dituztelako egin, adibidez. Gainera, askotan, Enpresaren mezuak heltzen zaizkie egin gabe dituzten lanak gogorarazteko, langilea gehiago presionatuz. Aski da! Enpresak gela bakarreko haurreskoletan proposamen zentzudunak lantzeko garaia heldu da. Bertara astean behin edo bitan ibiltaria bidaltzea ez da konponbidea!

Azkenengo urteak benetan zailak izan dira enpresarekin zerbait negoziatzeko orduan, baina langileen eskubideak eta kontratazioa asko kaxkartzen ari dira, Enpresak alde bakarrez erabaki asko hartzen baititu alde soziala eta langilegoa kontutan izan gabe.

KONTRATAZIO DUIN BATEN ALDE LAN EGITEKO ORDUA DA, TRIKIMAILU GEHIAGORIK EZ!

2016-10-04-steilasberri-4