pai-ebaluazioa-iritzi-artikulua

IIP (PAI) EBALUAZIOA EDO PUNTAREN PUNTA BAIZIK EZ AZTERTZEA

Hezkuntzako zuzendari nagusi Roberto Pérez Elorzak Parlamentuan adierazi
duenez, British / IIP programaren ebaluazioa egin da Nafarroan programa
horretan Lehen Hezkuntzako 6. mailan diharduten ikasleen lagin batekin. Beraz,
hausnartu beharko da azterketa egiteko moduaz, aztertzeko hautatu den
laginaz, alegia. 2015-16 ikasturtean 81 ikastetxe publikok zerabilten ingelesa
irakas-hizkuntza gisa: horietako 75ek IIPren araberakoak ziren eta 6k baizik ez
British programaren araberakoak. Baina Lehen Hezkuntzako 6. mailako
ikasleak baino sartu ez direnez, British programako 6 ikastetxeak eta IIPko
programako 3 baizik ez ditu aztertu txostenak.

Kontua da ikastetxe horietan programa ezarri zela klaustroaren
adostasunarekin eta askoz baliabide gehiagorekin. British ikastetxeetan bereziki
laguntzeko irakasleak jarri ziren; berariazko eta kalitatezko prestakuntza eman
zitzaien irakasleei eta ingelesa ezarria dagoen herrialdeetara bidaien zati bat
ordaintzen zitzaien hizkuntza horretan gehiago gaitzeko.

Ber gauza gertatu zen IIPren hasieran Atarrabiako eta Zizur Nagusiko eskoletan,
ez programa gero ezarri zen ikastetxe gehienetan. UPNk murrizketa basatiak
hasi zituenean, ikastetxe gutxik izan zituen British programak baliatutako
laguntzak. Hortaz, funtsezkoa da aztertzea azken urteetan sartu diren
eskoletako programen emaitzak, balorazio zehatzagoa lortzeko, ezin izan
baitute aipatutako baliabiderik erabili.

Gainera, arakatu diren 9 ikastetxetik zortzi hiri ingurunean daude, familiek ISEK
oso altua duten tokietan (Indize sozio-ekonomiko kulturala). Esaten dutenez,
British / PAI programan ebaluatuko ikasleen antzeko ezaugarri
sozioekonomikoak dituzten ikasleak hautatu dira kontrol talderako, baina ez
dugu haien jatorriaren berri. Nolanahi ere, aldagai horiek eragin handia dute
eskola emaitzetan eta IIP programak dituzten Nafarroako eremu askotan ez
dago horrelako baldintzarik.

Ebaluazio taldeari harrigarri suertatu zitzaion, orobat, British ereduko ikasle
ugari ez etortzea probak egiteko egunean, baita pertsona salbuetsien kopuru
handia ere. Etorri ez zirenetan, erdia baino gehiago British eredukoak ziren,
laginaren herena baizik osatzen ez dutenean. Ikasle horiek egunero parte
hartzen badute ikasgeletan, ebaluazioetan sartu behar dira. Bestela ez da
biltzen gure eskolen ezaugarriak islatzen dituen laginik.

Horregatik Steilasek uste du ebaluazioa egiteko hautatutako laginak ez duela
islatzen gure Komunitateko hezkuntzaren errealitatea, planteamenduan ageri
duen desbideraketagatik; beraz, emaitzak ezin zaizkie Nafarroako ikasle guziei
aplikatu. Aurreko ikertetan, konparaziora Carlos III.a Unibertsitateak
mamitutakoan, ikusten zen ikasleen emaitzetan eragin handia zutela faktore
sozio-ekonomikoek eta emaitzik okerrenak ateratzen zituztela ISEK baxuagoa
zuten ikasleek.

Bestalde, ados gaude Hezkuntza Departamentuarekin: programak gabezia
larriekin abiatu ziren (Steilasek salatu zituen), baina aurrera atera dira
irakasleek ikasgeletan egin duten ahalegin eskergari esker.
Zoritxarrez Gobernuak ez du asmatu hezkuntza programak aztertzean,
desbideratu egin da. Gainera, funtsezko datuak alboratu ditu eta, azkenean,
tresnak eman dizkie UPNri, Ppri eta PSNri Gobernuari erasotzeko.
Kezkatsu gaude Mendozaren hitz batzuekin, ziotenak aukerakoa izanen zela
IIP programan jarraitu edo ez. Diotenez, hizkuntzak ikastea arrunt garrantzitsua
da; beraz, gutxieneko xede komun batzuk behar dira ikasle guztientzat,
hizkuntza planen bidez gauzatuko direnak ikastetxe bakoitzean, eta modu
bateratuan landu beharko dira hizkuntza berekiak eta atzerrikoak. Gainera,
nahitaezkotzat jotzen dugu horretarako gogoan izatea hezkuntza agenteek
parte hartu behar dutela. Uste dugu tamalgarria dela hurrengo leku-aldatze
lehiaketan lanpostu gehien-gehienak ingelesaren eskakizunarekin ateratzea, IIP
programa eta Atal Elebidunak nola egituratuko diren jakin aurretik, kontuan
harturik eskakizun hori ez duen irakasle askori egin lekiokeen kalte gaitza.

Arantxa Ruiz Vidorreta
Amaia Zubieta Garciandia
Raul Lopez Ekai