Lan-baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki!

 

Martxoaren 22an oso jarraipen zabal izan zuen greba eta mobilizazio oso jendetsuak burutu genituen EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan. Bai irakasleen artean baita Heziketa Bereziko Langile, Sukaldari eta Garbitzaile nahiz Hurreskolak Partzuergoko langileen artean ere. Egungo hezkuntza publikoaren egoera larritzat jo genuen eta buelta emateko oinarri-oinarrizko neurriak plazaratu genituen:

  • Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa progresiboki %6ra iritsiz).
  • Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.
  • Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %57 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
  • Gelako ikasle kopurua %10 murriztea.
  • Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.
  • Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
  • Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
  • Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
  • LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
  • Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
  • Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Milaka langile eta herritarrek eginiko oinarrizko aldarrikapen hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziaziorik abiatzeko asmorik agertu.

Egoera honetan, ezinbestekotzat jotzen ditugun aurrez zerrendaturiko gure eskaerak bideratzeko, LAB, ELA eta steilas sindikatuok greba eta mobilizazio dinamika areagotzea beste biderik ez dugula uste dugu.

Hau honela, maiatzaren 16 eta 23an berriro ere grebara deitzen ditugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza publiko irakasle, Heziketa Bereziko Langile, Sukaldari eta Garbitzaileak eta Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileak.

Eta maiatzaren 20ean, larunbatean, langileez gain, familia eta herritarrak ere deitzen ditugu 12:00etan Bilbo (Jesusen Bihotza), Gasteiz (Bilbo Plaza) eta Donostian (Boulevard) burutuko ditugun manifestazioetan parte hartzera.

Honez gainera, maiatzean zehar ikastetxeetan eta sektore ezberdinetan beste hainbat elkarretaratze eta mobilizazio burutuko ditugu.

steilas, ELA eta LAB sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetzeko eta gure hezkuntza sistemaren oinarrizko zeregina bermatzeko funtsezkoak diren behar hauei erantzun ezean, datorren ikasturtean ere greba eta mobilizazio dinamikari jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.

 

Euskal Herrian, 2017ko apirilaren 12an