STEILASek BIDEBIETA BHIko IKASTETXEA IXTEA SALATU DU

Ikastetxea zabalik mantentzea eta hartu beharreko neurriak hezkuntza komunitatearen ordezkariekin adostu ditzala eskatzen dio Hezkuntza Sailari

Azaroaren 16an prentsaren bidez jakin izan genuen Bidebieta BHIko ikastetxea itxi egingo dutela. STEILASi onartezina iruditzen zaio eskola publiko bat ixtea auzoan ikasleak dauden bitartean. Ikastetxe publiko bat ixtea oso kontu larria da, gizarte baten gainbeheraren adierazle garbia. Zenbaiten hitzetan, Pasaian ireki den ikastetxe publiko berriak Bidebietako ikasle kopurua txikitu du eta ez omen dago beste irtenbiderik.

STEILASek salatu nahi du hezkuntza administrazioak orain arte izan duen jarrera langileekin, haien ordezkariekin eta bertako hezkuntza komunitate osoarekin. Ikasleak egon badaude, baina Donostiako kanpoaldean kokaturiko ikastetxe honek diru publikoz hornituriko 3 itunpeko ikastetxe ditu inguruan. Auzoko ikasleen arteko hierarkia indartzeko balio duten itunpeko ikastetxeak, eskola publikoen getizazioara daramatzaten eskolak alegia. Horregatik ez da harritzekoa bertan erroldaturiko ikasleen %10 soilik matrikulatzea eskola publikoan. Beraz, ikasleak egon badaude.

Bestalde, nabarmena da aspaldi ez duela administrazioak diru inbertsiorik egin zaharkitutako ikastetxe honetan. Beraz, Pasaiako ikastetxearen irekiera al da benetako arrazoia? Nahiz eta Gobernua prentsari eginiko filtrazioen bidez egoera zuritzen saiatu, guretzat argi dago hemen duguna hezkuntzaren logika neoliberalaren muturreko ondorioa dela, administrazioak aspaldi alboratu baitzituen, dirudienez, lehen mailakoak ez diren Bidebietako ikastetxea eta ikasleak.

Gurekin harremanetan jarri ez denez, publikoki eskatzen diogu administrazioari zehaztu dezan zer gertatuko den bertako ikasleekin, desagertuko diren lanpostuekin, lanpostua aldatu beharko dutenekin edo, besteak beste, aurki jangelarik gabe geldituko diren bekadun ikasleekin.

Asko dira Bidebietaren antzerako egoeran dauden ikastetxe publikoak. Horregatik, gobernuak ikastetxe hauek indartu eta irekita mantentzeko konpromisoa hartzea guztiz premiazkoa eta ezinbestekoa da, eta horretara bideratutako neurriak langileon ordezkariekin adostea beharrezkoa da.