Patronalaren blokeo jarrerak mahaia hautsi eta mobilizaziora behartzen gaitu

Ia 8 urte eta 36 Negoziazio Mahaia burutu ondoren Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek inola ere ez diote sindikatuon eskaerei erantzun. Negoziazioa edukirik gabe luzatzeko estrategiaren aurrean mahaia hautsi eta mobilizazioa beste biderik ez digute utzi sindikatuoi.

Azken urte luzeetan negoziazio mahai ugaritan inolako emaitzarik gabe parte hartu ondoren agertzen gara publikoki EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok.

Ikastetxeen %70 itunduak eta 9.000 langile inguruk diharduten sektore honetan, oraindik ere 2008-09ko hitzarmena dugu indarrean. Ordutik hona, hezkuntza sistemaren errealitatea, erronkak, kolektibo ezberdinen egoera eta lan-zamak asko aldatu diren arren lan-baldintza eta lansari taula berdinekin jarraitzen dugu.

Gogoratu beharrean gaude 2010eko ekainaz geroztik, patronalek, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak finantziazioan ezarri zizkien murrizketak zuzenean langileoi ezartzea erabaki zutela, hitzarmena larriki urratuz. Hau gutxi balitz, 2013ko uztailaren 7tik 2014ko urrira 10 bitartean, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek aldebakarrez horrela erabakita, gure soldata eta lan-baldintzak nabarmen okertzen dituen estatuko hitzarmena ezarri ziguten. Milaka gatazka kolektibo eta bakarkako helegite, hamarnaka elkarretaratze, manifestazio eta bost greba egun beharrezkoak izan ziren 2008-09ko hitzarmena berreskuratzeko 2013ko urrian. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langile guztion borroka eredugarriak egin zuen posible EAEko itunpeko irakaskuntza estatu osoan murrizketarik gabeko hezkuntzako eremu bakarra izatea.

Ordutik eta 2008-09ko lan-hitzarmena berritzeko burutu ditugun hitzarmen mahaietan hauek izan dira sindikatuon aldarrikapen nagusiak:

  • Sindikatuontzat nahitaezkoa da ordu osagarriak modu egokian antolatu eta erabiltzea. Egun, ikastetxeak transformazio eta berrikuntza prozesu bete-betean daude eta horren pisu handiena irakasleak ari dira jasaten. Berez modu nagusian ikasgaiak eta eskolak prestatzeko diren ordu osagarriak, etengabeko prestakuntza saio eta ikastetxearen hainbat proiektutan xahutzen dira. Eskolak prestatu eta ikasleen jarraipena egiteko denbora hitzarmenean jasota dauden lan-orduei gehituz. Arlo honetan gure ustez lan ordu guztiak ez dira presentzialak egin behar asko eta asko etxean egiten direlako (azterketak zuzendu, materiala prestatu…) eta hala aitortu behar da. Gainera, eskolako lanorduen barruan hainbat ordu osagarri, esklusiboki,eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko bermatu behar dira. Horixe da hezkuntzaren oinarria eta ezin da baztertuta geratu edo lan orduetatik kanpo egitera behartu.

  • Ikastetxeetan badaude azken urteetan asko ugaldu diren eta arreta berezia behar duten bi kolektibo nagusi. Baldintzarik okerrenetan diharduten langileak dira, emakumeak gehienak. Heziketa Bereziko langileak dira lehenak. Lanaldi murriztuan lan egiten dute beti, ez dute ordu osagarririk eskolak edota materialak prestatzeko edo ikasleen jarraipen eta balorazio txostenak egiteko, esaterako. Hezitzaile baino gehiago zaintzaile kontsiderazioa dute, ikastetxeen hezkuntza prozesu eta proiektuetan apenas dutelarik lekurik.

  • Egoera oso prekarioan dagoen beste talde bat, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko langileak dira. 0-3 urte bitarteko ikasleekin lan egiten duten hezitzaileena, alegia. Gainerako langileek baino lanordu gehiago izateaz gain, ez dute ordu osagarririk eskolak prestatzeko, ikasleen jarraipena egiteko edota gurasoekin batzartzeko, besteak beste. Eta Heziketa Bereziko langileen kasuan bezala, hezitzaile baino gehiago ume-zaintzaile kontsiderazioa dute, ikastetxeen hezkuntza prozesu eta proiektuetan apenas lekurik gabe.

  • Aurretik aipatu bezala, egun ordaintzen zaizkigun lansariak 2009ko berdinak dira. Beraz, urte hauetan guztietan %12etik gorako ero-ahalmen galera izan dugu. Ez da onargarria lan-zamak, erantzukizunak, hezkuntzaren konplexutasunak gora egin duen bitartean, hezkuntza prozesua posible egiten dugun langileon pobretze prozesu hau. Beraz, ezinbestean, pausuak eman behar ditugu eros-ahalmenaren berreskuratzean. Horretaz aparte, bere garaian ezarri zizkiguten lansarien murrizketen ondorioz, kobratzeke ditugu oraindik 2013ko 2014ko eta 2015eko hainbat kantitate.

  • Jakin badakigu urte gogorrak datozela matrikulazioan. Egiazki, jaiotze tasaren beherapena ematen ari da eta hurrengo urteetan joera hori indartuko da. Hori dela eta itxi daitezkeen gelak sor ditzaketen kaleratzeak ekidin edo berbideratzeko ezinbestekotzat jotzen dugu enplegua mantentzeko akordio bat.

Negoziazio saiakeretan, ordea, agerian geratu da patronalak ez daudela prest oinarrizko gai eta aldarrikapenen inguruan hobekuntzarik egiteko. Are gehiago, hainbat esparrutan murrizketak ere planteatu dituzte. Patronalaren asmoa negoziazioak neurrigabe luzatzea izan da. Hitzarmenaren azterketa eta eztabaida fase baten ostean, inolako aldaketa eta aurrerapausorik eman gabe, beste elkarrizketa fase berri bat proposatu dute behin eta berriz. Sindikatuok, baina, mugara iritsi garela deritzogu. Ikasturte hasieran plataforma bateratua adostu eta patronalei aurkeztu genien, negoziazioa elementu zentraletara bideratzeko asmoz. Patronalek, ordea uko egin diote oinarrizko gai hauen inguruan aurrerapausoak emateari, Administrazioarengandik jasotako finantziazioa nahikoa ez delako aitzakiarekin.

Hemen gauden sindikatuontzat, ezinbestekoa da patronalek pausuak eman ditzatela ordu osagarrien gaian, prekarizatutako sektoreen lan baldintzen hobekuntzan, galdutako eros-ahalmenaren berreskurapenean eta enpleguaren mantentzean. Patronalen blokeo jarrera eta inolako edukirik gabe negoziazioa luzatzeko asmoak ez digu mahaitik altxa eta mobilizaziora jotzea beste biderik uzten.

Beraz, azaroaren 29ko negoziazio mahaiaren hausturarekin batera mobilizazio fase berri bat abiatu nahi dugu, ezinbestekotzat jotzen dugun hitzarmenaren berritzean eta lan-baldintzen hobekuntzan aurrerapausoak behartzeko.

Norabide honetan, hurrengo astean bertan hasiera emango diogu mobilizazioei, ordezkari eta langileen elkarretaratzeak burutuz abenduaren 13an eta 19an.

Abenduaren 13an Bilbon, 12:00etan, Indautxuko Jesuitak Ikastetxe aurrean, ordezkarien elkarretaratzea.

Abenduaren 19an 17:30etan ordezkari eta langileen elkarretaratzeak Bilbon (Indautxu Plazan), Donostia (Kristau Eskola aurrean) eta Gasteizen (Marianistas ikastetxe aurrean).

Patronalek gure eskakizunei erantzun eta lan-baldintzak hobetzeko proposamen zehatzak mahai gainean jarri ezean, mobilizazioa areagotu eta grebara jotzera behartuko gaitu.

Sindikatuok, azken ia zortzi urte eta 36 negoziazio mahaietan agerian utzi dugu gure elkarrizketarako prestutasuna. Eta patronalek negoziazio mahaia edukiz betetzen duten heinean prest gaude berriro ere negoziatzeko. Baina hau ematen ez den heinean mobilizazioa beste biderik ez digute uzten lan-baldintzetan eta hezkuntzaren kalitatean aurrera egiteko. Izan ere, askotan esaten dugun moduan, lan baldintza onak eta hezkuntzaren kalitatea eskutik doaz, lehenengorik gabe ezinezkoa baita bigarrena.

Euskal Herrian, 2017ko abenduaren 4an