ZUZENDARIAK AUKERATZEKO DEKRETU BERRIA INDARREAN DAGO!

Zuzendariak izendatzeko argitaratu den dekretu berrian hiru aldaketa nagusi ikus ditzakegu:

1- Zuzendaria aukeratzen duen batzordearen osaera erabat aldatzen da. Lehen batzordea ikuskari batek, bi irakaslek eta Organo Goreneko bi kidek osatzen zuten. Orain, ikuskari batek, beste eskoletako bi zuzendarik, irakasle batek eta Organo Goreneko kide batek. Beraz, gaur, zuzendaria aukeratzeko bozketan administrazioak bost bozketatik hiru ditu, beste ikastetxeetako bi zuzendariak administrazioak jartzen baititu.

2- Prozesu horren ondorioz zuzendaria izendatzea lortzen ez bada, ikuskariak zuzendari bat izendatu ahal izango du. Aldaketa hau da, lehen urte beterako izendatzen bazen, orain 4 urtetarako izango dela.

3- Kanpoko zuzendari bat ere izendatu dezake, hau da, zuzendari berria beste ikastetxe batetako langile bat izan daiteke.

Honen aurrean STEILASek zera dio:

– Ikastetxe edo enpresa pribatuen kudeaketarako formulek ez dute ikastetxe publikotarako balio. Gure indarra eskola komunitatearen parte hartzean dago. Gure eskolen erabakiak guri dagozkigu.

– Beharrezkoa da zuzendaria eskola komunitatearen parte eta ordezkari izatea eta ez administrazioaren ordezkaria eskolan.

– Beharrezkoa da zuzendarien lan esparruaren birformulazioa, batez ere Lehen Hezkuntzan. Lan administratiboak esparru pedagogikotik urrundu ditu zuzendariak. STEILASek HEZKUNTZA PROIEKTUAN eta eskola komunitatean inplikazio zuzena duten zuzendariak nahi ditu.

– LOE onartu zen arteko demokrazia zuzenaren bidezko zuzendari aukeraketa ereduaren alde gaude.

– Hezkuntza publikoaren altxorra erabakitze ahalmena da. Merkatu (eskaintza-eskaria) arauekin baino, eskola komunitatearen interesei erantzungo dien kudeaketa eredua behar dugu. Gertukoa, hurbila eta bertako interes eta beharrei erantzungo diena.

– Zuzendaritza karguan dauden langileek, soldatan izan ezik, denbora librearekin izan beharko lirateke sarituak kargua utzi ostean.

Parte hartzailea eta demokratikoa ez den herri eskolak ezin du parte hartzea eta demokrazia gizartean sustatu, ezin ditu herritar parte hartzaileak, erantzuleak, arduratsuak, aktiboak, kritikoak eta demokratikoak egin. Funtsezko balioak ezin dira teoria hutsean geratu, eguneroko praktiketara eraman behar dira baizik.